Unai Hualde: “Gobernua ezin da negoziatu inposizio eta mehatxu bitartez”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko eka. 21a, 14:01

PSNk bilera egutegia inposatu nahi izan duela eta hauteskundeen errepikapenarekin mehatxu egiten ari dela salatu du parlamentuko presidenteak

 

Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin hiruko bilerei ekin aurretik, alderdi sozialistak eta Geroa Baik zenbait puntu buruz-buru argitu behar dituztela uste du Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak: “Esperientziak erakusten digu aldez aurretik oso ongi lotu behar dela zein den indar banaketa gobernuaren barruan eta zein programa”.

Izan ere, Hualderen aburuz iragan legealdian PSN argiki gainordezkaturik egon zen Nafarroako Gobernuan. Adibide argigarri bat jarri du: “Alderdi sozialistak 30 zuzendaritza nagusi zituen eta Geroa Baik 10, haiek 11 parlamentari edukita eta guk 9. Desproportzio hori ezin da errepikatu”.

Mamiak ez ezik azalak ere badu bere garrantzia, parlamentuko presidentearen irudikoz: “Ezin da egutegi bat inposatu eta ezin da lehen bileran jada mehatxu egin hauteskundeak urriaren 8an errepikatzearekin”.

Errepide mapa zein izan beharko litzatekeen argi dauka Hualdek: “Gure nahia da gobernu aurrerakoi eta askotariko bati botoa ematea. Maria Txibitek lehendakari izan nahi badu eta aldeko 21 boto eduki nahi baditu, elkarrizketak bideratu beharko ditu elkarrizketaren eta malgutasunaren bitartez”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!