PSNren eta Geroa Bairen arteko negoziazioak hautsi berritan iritsi da parlamentuaren eraketa bilkura. Bi indarrotako tentsioa bistakoa izan da, baina edonola ere bozketen emaitza espero zena izan da: Geroa Baiko Unai Hualde berraukeratu dute presidente, haren indar politikoaren, PSNren, EH Bilduren eta Zurekin Nafarroaren aldeko botoekin.
Mahaiko gainontzeko lau postuak ere espero bezala banatu dira: PSNko Ainhoa Unzu izanen da lehen presidenteordea eta UPNko Juan Luis Sanchez de Muniain bigarrrena; lehen idazkaritza UPNko Yolanda Bañezentzat izan da, eta bigarrena EH Bilduko Mikel Zabaletarentzat.
Gauzak horrela, Zurekin Nafarroa eta Vox mahaitik at geratu dira. Aipatzekoa da gaurko osoko bilkura zuzendu duen adin mahaiko presidentea eskuin muturreko alderdiko kide Emilio Jimenez izan dela, parlamentaririk zaharrena dela eta.