Goizeko hamaiketan abiatuko da gaurko bilkura, 50 parlamentariek eserlekua hartu eta adineko mahaia eratuko da. Parlamentaririk edadetuena, kasu honetan Vox alderdiko Emilio Jimenez militar ohia, eta bi gazteenak PSNko Kevin Lucero eta EH Bilduko Irati Jimenez mahaian eseriko dira. Bitxia izanen da argazkia. Haiek zuzenduko dute bilkura. Gaurko lana, legegintzaldi osorako parlamentuko mahaia hautatzea izanen da.
Mahaiaren hautaketa prozesua
Hiru bozketa eginen dira: bat presidentetza hautatzeko, beste bat bi presidentetzaordeak eta beste bat mahaiko bi idazkari postuak erabakitzeko. Alderdiek izenak proposatuko dituzte kargu bakoitzerako, aurten gainera, nobedadea da, mahai parekidea izan beharko da beraz, talde parlamentarioek gizon eta emakume proposamenak prest izan beharko dituzte, presidentea gizonezkoa baldin bada, presidente ordea emakumea izan behar delako. Berdina gertatuko da idazkaritza postuekin.
Azken orduko sorpresarik ez bada, Geroa Baiko Unai Hualdek errepikatuko du presidentzian, pasa den astean PSNk eta Geroa Baik lortutako akordioaren arabera. Adostasun horrek ere, alderdi sozialistari emanen lioke presidentetza ordea, horretarako Ainhoa Unzuren izena aditu da azken egunotan eta UPNk bigarrena eskuratuko luke. Bi idazkaritzen kasuan ere antzekoa gertatuko da, kasu honetan EH Bildu eta Geroa Bairen botoak elkartuta, indar subiranistari emanen baitiote lehen idazkaritza eta bigarrena ere UPNren esku geratuko da.
PSN eta Geroa Bairen arteko azken egunotako tentsioak zer eragin izanen duen ikusmira piztuko du gaurko saioan, nahiz eta sozialistek berretsi duten lehialtasunez jokatuko dutela, eta Geroa bairekin adostutakoa beteko dutela.
XI. Legegintzaldian zazpi talde parlamentario izanen ditu Foru Ganberak, aurrekoan baino bat gehiago: UPN, PSN, Euskal Herria Bildu, Geroa Bai, PP, Zurekin Nafarroa eta Vox.