LAB sindikatuak Nafarroako Gobernu berria osatuko duten talde politikoei eskatu die PAIk (Ingelesa Ikasteko Programa) dakarren "iruzurrean" ez parte hartzeko eta "beharrezko mugak ezartzeko".
"LABentzat hau marra gorria da. Atzerriko hizkuntzak modu orekatuan eta koherentean landu behar dira, gainerako gaitasunak eskuratzeari eta berezko hizkuntzak menderatzeari lehentasuna emanez, eta egun PAI hori ez da betetzen", adierazi du LABek ohar baten bitartez.
Sindikatu abertzaleak halaber salatu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua irakasle funtzionario talde bat "ad hoc" sortu duela, Administrazioaren menpeko gainerako irakasleengandik bereizita.
"Egonkortze-prozesuaren eskutik dator hori; izan ere, Madrildik ez zuten aukerarik ematen ingeles-profila zuten plaza horiek egonkortzeko. Beraz, Nafarroako Gobernuak nahi bezala erabili du foru autonomia, PAIren iruzurra sendotzeko helburuarekin. Sindikatu honi onartezina eta izugarria iruditzen zaio hori ", aldarrikatu dute.
Gaineratu dutenez, LABek urteak daramatz PAI iruzurra dela ohartarazten. Bere ustez, "hizkuntza programa bat da, batzuek hezkuntza eredu bihurtu nahi dutena, onura pedagogiko frogaturik gabekoa eta D ereduari eraso egiteko helburuarekin sortu zena".