Geroa Baik ukabilkada eman du Nafarroko Gobernua eratzeko negoziazio mahaiaren gainean. Parlamentua eratzeko bi eginen faltan, atzo planto egin zuen eta ez zen azaldu PSNk Zurekin Nafarroarekin eta hiruokin antolaturiko hiruko bilerara. Halaber, iragarri zuen negoziazioak hautsita egonda ere Unai Hualderen hautagaitza aurkeztuko duela parlamentuko presidentetzarako.
Hartara, bihar alderdi sozialistak bi aukera izanen ditu: Hualderen alde egin ala presidentetza UPNren esku utzi. Geroa Bairen mugimenduak alderdi sozialistaren egiazko indarra uzten du agerian: 50 parlamentaritatik 11 dauzka, ez gehiago ezta gutxiago ere.
“Alderdi sozialistak aurretik gurekin buruz-buruko bilera egiteko zuen konpromisoa urratu du” eta “horrela ez dago negoziatzerik”, azaldu du Geroa Baiko parlamentari Maria Solanak. Buruz-buruko bilera horretan PSNk eta Geroa Baik gobernuan izanen duten rola zen aztertzekoa. Solanaren arabera, alderdi sozialistak bazekien aldez aurretik buruz-buruko bilera hori egin gabe ez zutela parte hartuko hiruko negoziazioetan: “Txibiteri bi aldiz ohartarazi diogu eta Alzorrizi beste behin”.
“Aldebakarreko bilera deialdia izan da, bai bazkideei begira baita hedabideei begira ere, jakinagatik ere guk ez genuela parte hartuko baldin eta aldez aurretik bete beharreko baldintzak betetzen ez baziren”, salatu du Geroa Baiko parlamentariak. “Hori gutxi balitz, gezurretan aritu dira hedabideen aurrean, esanez ez zekitelako zergatik ez den azaldu Geroa Bai”, gaineratu du.
Solanak azaldutakoaren arabera, ekainaren 6ko bileran PSNk onartu zuen ekainaren 13a baino lehen Geroa Bairekin beste bilera bat egitea indar bakoitzak gobernuan izanen zuen rola adosteko, beste indar politikoekin negoziatzen hasi aurretik. Haatik, bileraren ondotik Maria Txibitek Uxue Barkosi deitu zion, haien konpromisoa ez zutela beteko esateko. “Gauza bat da boto gehien jaso dituen indar aurrerakoiak gidatzea gobernua eratzeko negoziazioak, eta beste bat arauak norberaren interesen arabera inposatu nahi izatea”. Kazetariek PSNren eta Geroa Bairen arteko negoziazioak hautsita ote dauden galdeturik, Solanak honako erantzun hau eman zuen: "Hala interpretatzen dugu".