Geroa Bai ez da bertaratu PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin zuen negoziazio bilerara

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 14a, 21:20

PSN eta Geroa Bai ospatutako lehenengo bileran.

Negoziazioen haustura udalak eratzeko hiru egun falta direnean eta lehendakaritza aukeratzeko bi. Geroa Baik adierazi du ez dela bilerara joan PSNk ez duelako bete "aldebiko bilera bat egiteko konpromisoa".

Geroa Bai ez da joan asteazken honetan PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin M28ko foru hauteskundeen osteko foru gobernuaren negoziazioaz hitz egiteko ospatu duten bilerara. Bilera 16:30ean egitekoa zen, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan. Orain arte bilerak aldebikoak izan dira, baina gaurkoan PSNk, Zurekin Nafarroak eta Geroa Baik zuten hitzordua.

Bertaratu diren lehenak PSNko ordezkariak izan dira. Maria Chivite PSNko idazkari nagusi eta presidentegaia, Ramon Alzorriz Antolakuntza idazkaria eta Ainhoa Unzu parlamentari hautetsia bertan izan dira. Ondoren, Zurekin Nafarroako ordezkariak iritsi dira, Begoña Alfaro, Parlamenturako zerrendaburua; Carlos Guzmán, bigarrena; eta Daniel López, hirugarrena. Geroa Baiko ordezkarien zain egon ondoren, bertaratu ez direla ikusita, PSNk eta Zurekin Nafarroak berriz ere aldebikoa izan den bilera hasi dute.

Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako parlamenturako zerrendaburuak "harritu" direla adierazi du, baina zalantzarik ez du "egoera hau bideratu egingo dela eta normaltasunez lan egin ahal izango dugula. Uste baitugu hori espero dutela Nafarroako herritarrek ere, bere botoarekin Nafarroan etorkizuneko gobernu baterako aukera aurrerakoia babestu baitzuten".

PSNko Ramón Alzorrizek aldiz adierazi duenez "ez da atsegina" izan eta eragozpen fisikoren bat egon ez bada, azalpenak eman beharko dituztela nabarmendu du. Hala ere, sozialistek baieztatu dute gertakari honek ez dituela baldintzatuko Gobernua osatzeko gainerako negoziazioak, eta ostiral honetan koalizioa Foru Parlamentuko Lehendakaritzan ordezkatuko duen hautagaia bozkatuko dutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!