Aranzadiko igerilekuak ostegunean irekiko dituzte

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 14a, 07:42
Haurrak iazko kanpainaren irekieran.

Udako kanpainarekin batera sasoi honetarako abonamenduak salgai jarriko dituzte, 40,30 eta 80,75 euro arteko prezioan.

Arantzadi Kirol Hiriko kanpoko bi igerilekuak eta plisti-plasta ibiltzeko haurrentzakoa ekainaren 15ean (osteguna) zabalduko dituzte, udako denboraldiaren hasierarekin batera, eta irailaren 8ra arte egonen dira zabalik. Denbora-tarte horretan udal-igerilekua asteko egun guztietan egonen da zabalik, goizeko 10:00etatik 20:30era arte. Bertaratuko direnek Arantzadiko inguruneko kaletik sartzeko aukera izanen dute, baina aurten ere San Pedro zubiaren ondoko sarreran ere txartel eta abonamendu-irakurgailu bat prestatu du udalak, Arrotxapetik eta hiriaren iparraldetik hurbiltzen direnei egun osoan zehar sarrera errazteko. 

Eguneko sarrerez gain, Arantzadi Kirol Hiriak udako denboraldirako abonamenduak ere baditu. Interesa dutenek telematikoki eskuratzeko aukera dute, Udalaren webgunean, edo bestela, aurrez aurre, bai Arantzadiko instalazioetan bertan zein Sanduzelaiko Aquavoxean. Berez, bi igerileku horietako edozeinetan erositako abonamenduek Arantzadin bezala Sanduzelaiko Aquavoxean sartzeko balioko dute.

Denboraldiaren hasierako egun hauetan eskaera-kopurua handiagoa izanen dela aurreikusita, Sanduzelaiko Aquavoxak –ekainaren 15etik 22ra mantentze-lanetarako itxiera teknikoa eginen duenak–, zenbait egunez zabalduko ditu bulegoak bi instalazio horietarako abonamenduak erosi ahal izateko. Zehazki, honako egun hauetan eginen dute jendaurreko harrera: ostegunean eta ostiralean (ekainak 15 eta 16), eta heldu den asteko astelehen, astearte eta asteazkenean (ekainak 19, 20 eta 21) 09:00etatik 14:00etara. Aurrez aurre eginen da arreta, eta baita telefonoz ere, honako zenbaki honetan: 948 28 77 78.

Abonamenduen prezioa, bai Arantzadin, bai Sanduzelain, 80,75 euro eta 40,30 euro bitartekoa izanen da, adinaren arabera. Eguneko sarreren kasuan, prezioa 3,85 eta 5,50 euro artekoa izanen da. Hala eta guztiz ere, prezio horien gainean deskontuak aplikatzeko aukera dago, errentaren eta gainerako familia-egoeren arabera. Orain arte 466 abonamendu erosi dira, baina denboraldiko lehen egunotan formalizatu ohi dira abonamendu gehien. Joan den udan 2.636 izan ziren. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!