PSNk eta EH Bilduk bilera egin dute eguerdian lehen aldiz, eta ziurrenik, azkenekoz, PSNk EH Bildurekiko distantzia argiak eta garbiak markatu baititu. Gobernurako zein alkatetzetarako negoziazioak baztertu dituzte sozialistek. PSNren azken egunotako jarrera berresteko balio izan du bilerak. Ez da Gobernu akordiorik izango EH Bildurekin, eta ez dute haien alkatetzarik erraztuko, ezta Iruñekoa ere. "Oso argiak izan gara", azpimarratu du Ramon Alzorriz idazkariak.
Gaurko hitzordua Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioen baitan egin da, Parlamentua eta udalak osatzeko egun gutxi falta direnean. Bilera EH Bilduk eskatu zuen eta PSNk baiezkoa eman dio "kortesia politikoa" azpimarratuz. Izan ere, Alzorrizek argi utzi du ez dela beste bilerarik izango, nahiz eta aurretik EH Bilduko hautagaiak hitz egiten jarraitzea espero zuela aurreratu.
"Chivitek gidatutako Gobernua nahi dugu gure egungo bazkideekin", adierazi du PSNk bere jarrera berretsiz. Alzorizek EH Bilduren esku utzi du PSNko hautagaiaren balizko inbestiduran abstenitzeko edo ez abstenitzeko erabakia. "Ez dakigu zer egingo duten, baina badakigu zer esan duten, ez dutela eskuineko gobernu bat erraztuko", adierazi du bozeramaile sozialistak.
Laura Aznal EH Bilduko hautagaiak aldiz, balorazio positiboagoa egin du. Topaketa lehen hartu-eman batera mugatu du eta etorkizunean hitz egiten jarraitzeko topaketak egongo direla espero du. "Legebiltzarreko hirugarren indarra gara, eta lehena udalekoa", gogorarazi du hautagaiak, eta "alternatiba bideragarri egiteko erabakigarriak" direla nabarmendu du. Berriz ere, Aznalek Legebiltzarreko Mahaian "aniztasun politikoa errespetatzeko" eskatu du, EH Bilduk bost ordezkarietako bat izango duela espero baitu. "Ez zaigu hainbeste axola zein postu den", onartu du EH Bilduk eta postu horietako bat lor lezake Geroa Bairen babesarekin. Aznalek, hala ere, Joseba Asiron Iruñeko alkate izatea eskatu du, "indar aurrerakoi bozkatuenaren hautagaia delako".
EH Bilduk adierazpenak egin ditu PSNrekin eguerdian izandako bilera baloratzeko:
«EH Bildu Nafarroako Parlamentuko hirugarren indar politikoa da, Nafarroako lehen indar munizipalista. Eskuinaren zarataz haratago, hitz egiteko eta adosteko prest gaudela berresten dugu».
— EH Bildu (@ehbildu) June 13, 2023
▶️ @Laura_Aznal|en adierazpenak PSNrekin bildu ostean. pic.twitter.com/EqDZ0l456u