Esku-hartze Sozialeko langileek lan hitzarmena mantentzeko epaiketa irabazi dute

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 13a, 19:32

Hitzarmenak Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langile guztien lan "baldintza duinagoak" eta hobekuntzak finkatzen ditu.

Gaur jakin da Lan arloko 3. Epaitegiko epaileak aldeko epaia eman diela Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehenbiziko hitzarmena sinatu zuten eragileei, eskubide osokoa baita. Epaiak baliozkotzat jo du elkarte demandatzaileak subjektu negoziatzaile gisa parte har zezakeela nahi izan balu, baina ez zuela eskatu, nahiz eta negoziazio-mahaia eratu zela jakin; OEIS patronalaren inpugnaziorako argudioak errefusatu ditu. LAB sindikatuak, hitzarmenaren bultzatzaile nagusiak, sektoreko langileak zoriondu ditu gaur eskainitako prentsaurrekoan "lorturiko hobekuntzak finkatzen dituen garaipen garrantzitsu honengatik".

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea, OEIS (Esku-hartze Sozialeko Enpresen Espainiako Elkartea) Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu zuten patronalaren parte diren enpresak dira. Hitzarmenak urte askoren ahaleginak izan zituen eta inpugnazio epaiketa azkenean apirilaren 18an egin zen, eta gaur jakin da epaia; hitzarmen hartan lorturiko aurrerapenak sendotzen ditu.

Epaiak dioenez, “elkarte demandatzaileak bai badu legitimazio prozesala Nafarroako Integrazio Sozialeko Hitzarmen Kolektiboa inpugnatzeko, eta gainera negoziatzeko legitimazioa du”. Baina LAB sindikatuak azaldu duenez “aurrekoak ez du xedatzen negoziazio kolektiborako bere eskubidea urratu denik”, izan ere, “hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaiaren berri izan zuen, eta, hala ere, ez zuen parte hartzeko eskatu edo hitzarmeneko mahaiko kide gisa onartzeko eskatu”. 

LABek egoera salatu du, sektoreko sindikatu nagusia eta hitzarmenaren bultzatzaile nagusia diren heinean, "uste dugu ez genukeela inoiz egoera honetara ailegatu behar, Esku-hartze Sozialeko langileek erdietsitako aurrerapenak arriskuan jarri baititu", nabarmendu dute. "Gaur justizia egin da eta pozten gara horregatik. Eta OEISi eskatzen diogu epaiaren aurkako helegiterik ez jartzeko, eta egoera hau alferrik, bidegabeki eta arrazoirik gabe luzatzeari uzteko", gaineratu du sindikatuak.

Esku-hartze Sozialeko langileen eginkizuna adingabeei arreta emateaz gain, familiei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, egoera ahulean eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei, migratzaileei, etxegabeei, langabeei, eta beste talde zaurgarriei laguntza eskaintzea da. "Edozein langilek lan baldintza duinak behar ditu, baina sektore honetakoek are gehiago, ahal bada", babestu du LABek.  

Udazkenean lehen lan hitzarmena berritzeko negoziazioak hasiko ditu sindikatuak eta negoziazioan indar guztiak jarriko dituztela adierazi dute, "Nafarroako Esku-hartze Sozialeko plantilla guztiei are baldintza duinagoak bermatzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!