'Nafarroa osoan bai!' doinupean euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko du 2023ko Nafarroa Oinezek

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 13a, 17:35

Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan zehar aldarrikatzeko eta zonifikazioa salatzeko abestiari Maddalen Arzallusek jarri dizkio hitzak eta Joseba Tapiak musika.

Musika Joseba Tapiaren musikarekin eta Maddalen Arzallusen letrarekin osatu dute aurtengo Nafarroa Oinezeko  Nafarroa osoan bai! kanta. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko aldarria egiten du abestiak. Trikitaliaria izan da musikaren arduraduna eta letrari ahotsa jarri diotenak bost emakume izan dira: Olaia Inziarte, Nerea Erbiti, eta Maider Ansa nafarrek; eta Leire Letu eta Kristina Aranzabe gipuzkoarrek.

Etxarri Arantzeko Andra Mari Ikastolak gaur goizean aurkeztu ditu aurtengo Nafarroa Oinezen abestia eta bideoklipa, baita Sanferminetako Oinez Txokoaren egitaraua ere. Bertan izan dira, Iñigo Orella, Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoa, Maider Ansa Jarduerak taldeko batzordeburua eta Amets Aznarez tronboilaria eta Broken Brothers Brass Bandeko kidea.

Andra Mari ikastolak beste ikastolekin batera eta Kontseiluarekin batera, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu nahi du Nafarroa osoan zehar eta horregatik abestiari Nafarroa osoan bai! izenburua jarri diotela adierazi du Iñigo Orellak. Mezu garbia helarazi nahi du kantak, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zonifikarioaren banakaeta salatu, "bai-ez" abestiaren letrarekin jokoan.  

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, 2023ko Nafarroa Oinez antolatzen hasi aurretik helburu batzuk finkatu zituen Andra Mari Ikastolak: alde batetik ikastolaren proiektua herrikoia, kooperatiboa eta auzolanean eginikoa zela aldarrikatu nahi zen, bestetik kalitatezko hezkuntza proiektu eraldatzailearen aldeko apustua egiten zen, hirugarren aniztasun mota guztiei ateak irekitzen dizkiona eta azkenik euskararen arnasguneetan dauden ikastolak euskararen zirikatzaile izateko beharra.

Bideoklipa, doinua eta irudia

Musikari buruzko datuak ere eman ditu Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoak “abestia, trikiti eta haize-sekzioko instrumentuen melodiek markatzen dute. Zinez, doinu dantzagarriak, aurki datozen udako festetarako. Musikarien artean, aipatutako abeslariez gain, tronpetarekin Jon Celestino; tronboiarekin Amets Aznarez, Eneko Urrestarazu eta Arkaitz Nagore; eta saxoarekin Ibon Irixoa. Bateria Iker Uriarte, baxua, Xanti Etxeberria, eta perkusio eta soinu teknikari eta nahasketa lanetan Estudio Bat!eko Peio Skalari”.

Bideoklipa, Aguraingo Dronetikan Airworks-ek egin du. Irudi dinamikoz osatua, Sakanako inguruneek protagonismo berezia hartzen dute bideo osoan zehar: oso presente daude Arakil ibaia, baita Urbasa, Andia, Berian eta Aralar mendiak ere. Ikastola Etxarrin kokatzen den arren, ikastetxera inguruetako herrietako haurrak hurbiltzen direnez, bideoa herri hauetako batzuetan ere grabatu da: Arbizun, Arruazun, Lizarragabengoan… Zonifikazioaren salaketa, Iker Uribe margolari eta ilustratzaile lakuntzarrak eginiko Nafarroako maparen marrazki baten bitartez adierazten da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!