PSNk eta EH Bilduk bilera eginen dute gaur eguerdian

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko eka. 13a, 07:54

PSNko eta EH Bilduko ordezkariak batzarturik, artxiboko irudi batean.

Bihar, berriz, lehen hiruko batzarra eginen dute sozialistek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak

Maiatzaren 28aren ondotik lehendabizikoz, bilera formala eginen dute gaur eguerdian, Nafarroako Parlamentuan, PSNk eta EH Bilduk. Bi indarrok mahai beraren inguruan biltzea bera bada albiste; izan ere, tokiko hauteskundeetako Espainiako emaitzen ondotik, alderdi sozialistak indar subiranistarekiko distantzia mantendu nahi izan du. Ikusi beharko da Madril aldeko hedabideek arretarik eskaintzen dioten topaketari.

PSNtik diote gaurko bilera protokolozkoa dela, UPNrekin elkartu ziren bezala batzartuko direla EH Bildurekin. Alta, sozialistek erregionalistekin ez zuten deus adostu nahi, eta indar subiranistarekin, aldiz,  badute zer lotu: besteak beste, haren abstentzioa ezinbestekoa zaie Nafarroako Gobernuaren lehendakaritzari eutsi ahal izateko.

Gaurko bileran, ostiralean eratuko duten foru parlamentuko mahaia izanen da aztergai. Presidentetza Geroa Bairen esku uzteko akordioa lotua dute Maria Txibiteren eta Uxue Barkosen indarrek. Baina EH Bilduren eta Zurekin Nafarroaren onespena ezinbestekoa zaie, akordio hori gauzatu ahal izateko. Oso litekeena dirudi azkenean mahaiko bost karguen banaketa joan den legealdiko bera izatea.

Pentsatzekoa da larunbatean eratuko dituzten udalak ere hizpide izanen dituztela gaur. Bereziki, UPN lehen indarra izanagatik ere gehiengo aurrerakoia dutenak: Iruñea ez ezik Eguesibar, Barañain eta Lizarra, besteak beste. Esan gabe doa horietan akordioak zailagoa dirudiela.

Gaurko topaketaren ondotik, bihar, lehen hiruko bilera eginen dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, foru gobernua adoste aldera.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!