2023ko Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatu eta lurraldea zeharkatuko du uztailaren 1,2,3, eta 5ean eta Gure Eskuk Tourraren nazioarteko oihartzuna “Euskal Herria 7 lurraldeko herri bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela” aldarrikatzeko baliatuko du. ‘Euskal Herria mundua’ ekimenaren bitartez, “euskaldunok, beti bezala, indarrez, elkartasunaz eta irudimenez” erantzungo diotela adierazi du Gure Eskuk.
Ekimenak nagusiki ikurrinaren presentzia izango du ardatz, izan ere, “ikurren bidez aurkezten dugu gure burua, hemen eta munduan, eta uztailea, guztiok batzen gaituen ikur honen bidez nazioarteari keinu egingo diogu”, azaldu dute. Izena eman daiteke gureesku.eus webgunearen bidez zein egun eta lekutan ikurriña jarri adostu ahal izateko. Horrez gain, Bidasoaren bi aldeetan herri bera dagoela erakutsiko duen ikurrin uholdea sortu nahi dute ‘Basque decide – Euskal Herriak erabaki!’ lelopean. Halaber, agerraldian iragarri dutenez, ekarpena egiten duen orok bere burua ordezkatuta ikusiko du ikurriña erraldoian.
Hori horrela, Nafarrei Bidasoara hurbiltzeko dei berezia egin diete uztailaren 3an. 12:00etan Irungo Santiago frontoian elkartuko dira Santiago zubiraino joateko. Kalejira egingo dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, erraldoi eta buruhandiekin eta hainbat musikarirekin.
Bihar, 10 urte egingo ditu Gure Eskuk eta une honetan “proposamen politikoa josten” ari direla aurreratzeaz gain, “erabaki nahi duen herria garela eta hori lortu arte eskutik helduta lanean jarraituko dugula aldarrikatzeko unea” dela nabarmendu dute antolatzaileek.