LABek Nafarroako adineko egoitzetarako negoziazio mahaia proposatu du

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 7a, 18:16

Urtarriletik geldirik dauden hitzarmenaren negoziazioe beste bulkada bat eman nahi die sindikatuak eta aldebakarrez deitu du negoziazio mahaia ekainaren 9rako.

LABek "aldebakarreko" negoziazio mahaia deitu du ekainaren 9rako, Nafarroako adinekoen egoitzen lehen hitzarmenaren aldeko "borrokari beste bultzada bat emateko" helburuarekin, "batzuen blokeoa eta besteen gelditasuna ikusita". Sindikatuak "urtarriletik geldirik" dauden negoziazioei ekin nahi die berriro, eta mahai horretan parte hartzeko deia egin die "inplikatutako alde guztiei".

Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, bi urte baino gehiago daramatzate grebak eta mobilizazioak bultzatzen, "zentroz zentro lan eginez, sektoreko langileen lan-baldintzak duinduko dituen hitzarmen kolektibo propio baten alde borrokatzeko beharra". Erakundearentzat, patronalak urtarrilean egindako proposamena "ez da nahikoa", baina "gainerako edukiak negoziatu ahal izateko lehen oinarria ezartzen du". LABek uste du "jarduteko" eta "benetako negoziazioa suspertzeko" unea dela. Era berean, "hurbiltzeko eta edukiez hitz egiten hasteko mugimendu bat" eskatu du, Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko.

Negoziazio horretan, "lehentasunezkoak eta ezinbestekoak dira soldatak hobetzea (KPIaren bermearekin), lanaldia murriztea, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak, txanda-kontratuen beharrari ekitea, eta lana eta familia bateragarri egiteko neurriak, zaintza-sektore feminizatu honetan hain beharrezkoak direnak", nabarmendu du. LABek mahai gainean jarriko du "malgutasuna mugatzea eta sektoreko langile guztiek urteko lan-egutegia izatea, non atsedenak errespetatuko diren, non alde bakarreko ordutegi-aldaketek ez duten lekurik izango sektoreko langileen bizi-kalitatea hobetzeko".

Sindikatuak azaldu duenez, "negoziazio mahaia berriro deitzea" proposatu zien ELAri eta UGTri, "patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrean denok batera esertzeko". Bere "ezezkoaren" aurrean, sindikatuak ekainaren 9rako mahaia "aldebakarrez" deitzea erabaki du. Hala, LABek dei egin die gainerako sindikatuei "erantzukizunez joka dezaten eta sektoreko langileen lan-baldintzak benetan hobetzeko konpromisoa har dezaten".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!