Enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan 832 langabe gutxiago zenbatu dituzte maiatzean Nafarroan, aurreko hilaren aldean, hau da, %2,7 jaitsi da langabezia. Guztira 30.012 langabe daude gurean Estatuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera. Azken urtean, 2.050 langabe gutxiago daude Foru Erkidegoan, %6,39.
Nafarroan, langabeziak behera egin du maiatzean sektore guztietan. Jaitsiera nabarmena izan da Zerbitzuetan (637 langabe gutxiago), Industrian (154 gutxiago), Nekazaritzan (66 gutxiago) eta Eraikuntzan (51 gutxiago).
Emakumeek pairatzen dute gehien langabezia, izan ere Nafarroako 30.012 langabeetatik, 11.594 gizonak dira eta 18.418 emakumeak; 2.647 25 urtetik beherakoak (1.340 gizon eta 1.307 emakume); eta gainerakoak, 27.365, adin horretatik gorakoak (10.254 gizon eta 17.111 emakume).
Sektoreka, langabetu gehienak zerbitzuen sektorean daude (20.355), ondoren industrian (3.576), aurreko enplegurik gabekoetan (3.400), nekazaritzan (1.380) eta eraikuntzan (1.301).
Kontratazioari dagokionez, maiatzean 24.232 kontratu egin ziren Foru Erkidegoan, aurreko hilean baino 3.866 gehiago (%18,98) eta duela urtebete baino 3.875 gutxiago. Kontratazioak beraz %13,79 urtearteko konparaketan. Kontratu guztietatik 6.166 mugagabeak izan dira, eta gainerakoak, 18.066 aldi baterakoak.