PSNko alkategaiak Joseba Asiron eta Cristina Ibarrola alkate ez dituela eginen esaten duenean “ez da egia esaten ari, eta badaki”. Diario de Noticias egunkariko kazetari Ibai Fernandezek uste du, ari mutur asko izanen dituela Iruñeko Udalean alkate izendatzeko negoziaketak eta luze joan daitekeela. “Saizek badaki bata edo bestea izanen dela alkate eta berak tranpa dialektikoan sartu nahi gaitu”.
Iruñean gertatzen ari dena “bagenekien” gertatuko zela, duela lau urte gertatu zen berbera izan dela gogoan du Fernandezek. “PSNk bide eginen dio UPNri baina gero ez dio utziko zenbait erabaki eta jokaldietan aurrera egiten”, eta hartara, “ezegonkortasuna eta gobernagarritasunik eza” gailenduko dira Iruñeko Udalean.
Hirugarren biderik ez dago
Iruñean PSNk EH Bildu bazterrean utzi nahi du baina aldi berean bere botoak ezinbestekoak ditu alkate Saiz izendatzeko. “Saiz marko hori erabiltzen ari da bere imaginarioan. Beregain hartzen ditu Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren botoak, baina horrek ez du inongo biderik”. Fernandezek argi du PSNk eztabaida horretara bideratu nahi duela, gerora justifikatu ahal izateko UPNko Cristina Ibarrola alkate izatea.
EH Bildurengan autokritika ere falta dela iruditzen zaio Fernandezi, nahiz eta jakin, agian, orain ez dela horretarako garaia. “Joseba Asironek apustu egin zuen Iruñean lehen indarra izateko. Ez du lortu. Hirugarren biderik ere ez dago. Negoziaziorako biderik gabe UPN dugu datozen lau urteetarako alkatetzan”, azaldu du. Eskuinari bidea eragotzi beharraz ere mintzatu da Fernandez.
Txibitek bide errazagoa izanen du
Duela lau urteko bide bera segituko du Maria Txibitek Fernandezen irudikoz: “Emaitzak nahiko parekoak izan dira, faktore antzekoak daude mahai gainean eta beraz, bidea ere paretsu izanen dute”. Zalantzarik handiena ikusten du Diario de Noticiaseko kazetariak Espainian gertatzen denaren araberakoa ere izan daitekeela emaitza: “Sanchezek babes nahikoa lortuko badu, Txibitek ez luke arazorik izanen beste lau urtez Nafarroako presidentea izateko”.