Nafarroako Gobernurako PSNren presidentegai Maria Txibitek iragarri du ostegunean hasiko dela gainerako zerrendaburuekin batzartzen: Uxue Barkosekin eta Begoña Alfarorekin egin du zita dagoeneko. Hasteko, bakarka bildu nahi du Txibitek biekin "lehen hartu emana" izanen delako eta gero ideia du "hiruak elkarrekin" batzartzea.
Atzo telefonoz hitz egin zuen Barkosekin Txibitek. Lehen bilkura izanen da eta horixe iruditzen zaio "negoziazioetarako bide egokia". Alfarori ere dei egin zion igandean eta "ostegun eguerdian" elkartzea adostu zuen harekin.
Iruñeko Udalean "esandakoa" egiten ari dira
Kanpainan behin baino gehiagotan errepikatu zuena betetzen ari da Elma Saiz Txibiteren ustez: "Ez Asiron ez Ibarrola. Horiek izan ziren Saizen hitzak eta horiek bete eginen ditu", berretsi du Txibitek. "Beste espazio bat zabaltzea beharrezkoa izanen da, paralisitik atera eta elkarbizitza ahalbidetuko duen lekua erdiesteko", gaineratu du.
Alderdiekin hitz egin behar dela dio Txibitek eta bide horri ekin behar zaiola: "Gainerako hautagaien iritziak ezagutzea ere garrantzitsua izanen da".