Espainiako presidenteak udazkenean egitekoak ziren hauteskundeak aurreratu eta hauteskundeetara deitu du uztailaren 23an, atzo izandako hauteskunde autonomiko eta munizipalen emaitzen ostean. Ministroen Kontseiluak gaur arratsaldeko bileran onartu du Gorteak desegiteko eta uztailaren 23ko hauteskunde orokorrak deitzeko dekretua eta bihar bertan argitaratuko dute Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean. Hala, uztailaren 7an San Fermin egunean hasiko da hauteskunde kanpaina eta 21ean bukatuko da; sanferminetako bederatzi egunetatik zortzi hartuko ditu. Hauteskunde-koalizioak jakinarazteko epea ekainaren 9a izango da eta ekainaren 19an amaituko da probintziako hauteskunde-batzordeetarako Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak aurkezteko epea.
PSOEk hiru puntugatik galdu zituen udal hauteskundeak igande honetan PPren mesedeetan, eta orain arte zuen lurralde boterearen zati handi bat galdu zuen, agintean zeuden bederatzi erkidegoetatik sei galduta. PPk hainbat autonomia erkidegotako gobernua kendu ahal izango dio PSOEri, baina gehienetan Voxen babesa beharko du. Hala ere, alkateen eta erkidegoetako presidenteen kudeaketa goraipatu du Sanchezek, eta horietako askok botoetan gora egin dutela nabarmendu du, nahiz eta garaipena PPrentzat izan.
Hauteskunde orokorretarako posta bidezko botoa eskatu ahal izango da maiatzaren 30etik uztailaren 13ra arte. Norberak pertsonalki nortasun-agiri nazionala aurkeztuta eskatu beharko du posta bidezko botoa eta uztailaren 19a baino lehen ziurtaturik bidali beharko da. Eskabide-inprimakia Barne Ministerioaren webgunean deskarga daiteke, eta bide telematikoz Correosen web-orrian edo bulego batera bertaratuta aurkeztu.