Hausteskundeen emaitzak ezagututa parlamentua osatu beharko da orain: UPNk 15 eserleku eskuratu ditu, PSNk 11, EH Bilduk 9, Geroa Baik 7, PPNk 3, Zurekin Nafarroak 3 eta Vox-ek 2. Behin behineko datuak dira oraingoz botoen %98,14 kontatuta; ekainaren 2an ezagutuko dira behin betikoak atzerrian bizi diren nafarren botoak kontatzen direnean.
Parlamentuak bere presidentea hautatuko du eta Mahai osatuko da. Horren ondotik iritsiko da unea Nafarroako Gobernuko lehendakaria hautatzeko. Parlamentuko kideek hautatuko dute eta Erregeak izendatuko du. Parlamentua behin osatzen dela hamar egun izanen ditu presidenteak alderdietako bozeramaileekin hitz egin eta hautagai bat proposatzeko, eta, hiru egunen bueltan osoko bilkura osatzeko.
Parlamentua lehenbizi, Gobernua gero
Gobernuko presidentea izendatzeko beharrezkoa izanen da parlamentuko presidentearen proposamena. Horretarako, hautagai izanen denak bere programa politikoa aurkeztuko du eta hori erdiesteko nahi adina denbora izanen du. Alderdietako parlamentariek 30 minutuna izanen dute hitz hartzeko eta presidenterako hautagai denak noiznahi izanen du aukera erantzuna emateko.
Botazioa paper bidez izanen da, sekretupekoa eta aurretik presidenteak jartzen duen orduan izanen da. Hautagaiak gehiengo osoa lortuko balu konfiantza baduela ulertuko da eta 24 orduren ondoren bigarren botazioa eginen litzateke. Bigarren horretan gehiengo sinplearekin nahikoa luke. Konfiantza hori bermatua duela ikusita parlamentuko presidenteak Erregeari emanen dio horren berri Nafarroako Gobernurako presidentea izenda dezan lege bidez.
Hauteskundeak izan eta hiru hilabetera ez balego hautagairik edo ez balu inork gutxieneko babesik lortuko parlamentua desegin eta hauteskundeak deituko lirateke.