Osasuna 2 - Athletic 0

Europa, eskura

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 26a, 08:10

Harrobiko jokalari Pablo Ibañez eta Kike Barja zoriontsu, partiduaren amaieran. Iturria: C.A. Osasuna

Osasunak euskal derbian irabazi ostean Konferentzia Liga lehiatzeko aukera bere esku du.

Gizonezkoen osasunak garaipen garrantzitsua lortu du bart euskal derbian. Athletic mendean hartuta gorritxoen esku dago heldu den denboraldian Europako Conference Ligan lehiatzea. Lehen zatia itxi xamarra izan zen, aukera gutxikoa, eta arriskua sortu zuen talde bakarra Ernesto Valverdek zuzendutakoa izan zen.

Baina bigarren zatiaren hasieran aginte makila hartuta zelairatu zen Jagoba Arrasateren taldea eta oharkabean harrapatu zuen Athelticen defentsa Budimirrekn bat eta hutsekoa egin zezan. Azkar jarri zuten jokoan eskuin hegaletik alboko sakean Ruben Peñak eta Monkaiolaren erdiraketa bikaina maisuki errematatu zuen Ante Budimirrek. Zenikako beltxargaren seigarren gola da denboraldi honetan.

Hortik aurrera Osasuna jaun ta jabe izan zen, nahiz eta Zarragak berdintzeko aukera izan zuen baina Aitor Fernandezek, etxekoen atezainak, gelditu bikaina egin zuen buruz burukoan hori ekiditeko. Partidua amaitzeko hamar minutu falta zirela egin zuen Lucas Torrok bi eta hutsekoa: falta egin zion Dani Vivianek Ez Abderi eta marokoarrak berak egin zuen jaurtiketa; gelditu bikaina egin zuen kanpokoen atezain Julen Agirrezabalak, baina haren taldekideak lokartu egin ziren, Monkaiolak hart zuen aldaratzea Aimar Orozi pasea emateko, eta izar handien antzera Arazuriko zozabarrak baloia babestu zuen gol pasea Lucas Torrori emateko.

Hiru puntu baino gehiagoko partidua zela jakitun, garaipenaren garrantzia azpimarratu zuen Jagoba Arrasatek. Athletic-i neurria hartua diotela aitortu zuen eta orain, zalegoarekin batera denboraldiari "ginda jarri nahi" diotela aitortu zuen Europarako sailkapena lortuta. 

Partiduko jokalaririk onenaren saria eman zioten Lucas Torrori baina erabakigarri izan ziren ere Aitor Fernandez atezainaren bi gelditu. Arrasatekoa pozik azaldu zen garaipenarengatik baina ohartarazi zuen arerio sendoak dituztela Europarako lehian eta gelditzen diren bi partiduak irabaztea ia "ezinbestekoa" izanen dela.

Hurrengo partidua Getaferen aurka izango da igandean arratsaldeko zazpietan. Bertan ez dira izanen ez Lucas Torró, ez Ante Budimirrek, biek bosgarren txartel horia ikusi baitzuten atzokoan.

Omenaldiak

Partidua hasi aurretik omenaldia egin zieten Osasuna Promesasen jokalariei Lehen Federazio mailan izandako ibilbide oparoarengatik. David Garciak ere Ligako atzelaririk onenaren saria eskaini zien zaleei. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!