“Ofizialtasuna nafar guztien arteko berdintasuna da”, horixe uste du Euskalgintzaren Kontseiluak. Alderdiekin bilera erronda egin du eta zenbait ondorio atera ditu: “ Alderdi politikoek ez dute euskararen ofizialtasuna ortzimuga hurbilean ikusten, nahiz eta helburu horretarako baldintzak sortu behar direla uste duten”. Kontseiluaren iritziz, legegintzaldi hau behingoz ofizialtasunarena izan behar da, milaka herritarren eskubideek ezin baitituzte beste lau urte itxaron. Halaber, alderdiei dei egin die ez uzteko ofizialtasunaren gaia negoziaketen lehen minutuan erortzen.
Kontseiluak “adostasun sozialetan sakontzen” jarraituko du, Nafarroa osoko gizarte eragileekin eta norbanakoekin ofizialtasunaren aldeko jarrera eta adostasun politikoa erdiesteko baldintzak sustatzen. Apirilaren 20ko agerraldian esan bezala ofizialtasunak ez dizkio inori eskubideak kentzen, ez dituenari ematen dizkio. Ofizialtasuna nafar guztien arteko berdintasuna baita: “Ateak irekitzeko giltza, ez ixtekoa”.
Alderdi guztiekin biltzerik ez
Alderdiekin izandako kontaktuetan, Kontseiluak bi aldagai baloratu ditu: bilera eskaeraren aurrean izandako jarrera, eta euskararen ofizialtasunaren aurrean izandakoa. Halaber, alderdien proposamenen azterketa hauteskunde-programetan jasotakoarekin aberastu da. Kontseiluak bilera proposamenak luzatu zizkien Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezten diren ondorengo alderdiei: UPN, PP, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Zurekin Nafarroa. Hauetatik, azken hirurek soilik erantzun zioten biltzeko eskaerari.