M28 udal eta foru hauteskundeak

Laura Aznal: “EH Bildu giltzarri izanen da eskuina botereguneetatik kanpo uzteko”

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 25a, 11:15

Eskuina erakundeetako lehen lerrotik baztertzeko PSN jakitun da EH Bilduren beharra izanen duela Laura Aznal lehendakarigaiaren ustez:  “Indar aurrerakoien esku gera daitezen instituzioak ezinbesteko izanen da EH Bildu”.

EH Bilduren izena alde askotatik iristen ari da kanpaina honetan: Espainiatik “zarata” moduan ETAko kide ohiak zerrendetan barnebiltzeagatik eta UPNren ahotan PSNri leporatu nahian koalizioaren beharra izanen duela gobernatu nahiko badu. “Javier Esparza izaten ari da gure kanpainako onena. Horrekin erakusten ari da UPNk ez duela proposamenik Nafarroarentzat”. Horren aurrean, EH Bildu erakusten ari da "plangintza" baduela eta proposamenak aurkezten ari dela. Bestela begira dakioke Esparzaren jarrera horri ere: gerta daiteke EH Bildu hazteko nahia izatea PSNk gerora negoziaziorako zailtasun gehiago izateko. Hori ordea, zarata egitea dela iruditzen zaio Aznali eta berriz ere planteamendurik gabe daudela agerian uztea: “Politika horien aurrean alternatiba ezkertiarra dugu guk eta protagonista izan nahiko genuke”.

Maiatzaren 28tik aurrera EH Bildurekin hitz egin beharko dute indar aurrerakoiek Aznalen esanetan: “Mintzatuko gara. Borondatea osoa dugu”.  PSNren azken egunetako jarreraz ere mintzatu da koalizioko lehendakarigaia. Maria Chivitek eta Elma Saizek akordio proposamena egin diete Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari EH Bildu bazterrean utzita. “Eskuinak gobernatzerik nahi ez badute EH Bildurekin adostu beharko dute ezkerrak hartu ditzan aginte makilak. Berme bakarra izanen gara horretarako”. Giltzarria eta determinantea da EH Bildu Aznalen esanetan: “Hitz egin beharko dugu. Gurekin hitz egin beharko dute. Hori badakite denek”.

Gogoan izan du gainera, PSNrekin eta PSOErekin Madrilen “normaldu” egin direla harremanak azken urteotan. “Madrilen ere indar ezkertiarrek lortu dugu eskuina bazterrean uztea. Bai han zein hemen ere gure helburua hori da. Eskuina alde batean uztea. Eskuinak ez luke gehiago baldintzatu behar Nafarroako politikan”.

Lehentasunak, argi

Gobernuan sartuko edo kanpotik babestuko ote duten oraindik ezin da jakin igandeko emaitzak ezagutu arte, baina hori ez dela "funtsezkoa" nabarmendu du Aznalek. “Lehentasunetan eta edukietan lan egiten dugu”. Argi dute zein den bidea: zerbitzu publikoak indartzea, eskubideetan aurrera egitea, hizkuntz eskubideak zabaltzea, autogobernuan aurrera pausoak ematea… Azken horretan bereziki “anbizio falta” sumatu dute legealdi honetan. “Trantsizio ekologiko eta energetikoan hastea ezinbestekoa da. Larrialdi klimatikoan gaude eta berandu gabiltza dagoeneko”, esan du.

Euskarari dagokionez murrizketa gehiago ekidin dituztela argi du Aznalek: “Ez dira murrizketa gehiago egon gure proposamenei esker. D eredua zabaltzea lortu dugu. Helduen alfabetizazioan aurrerapausoa eman dugu eta doakotasunetik gertuago gaude. Hedabideentzako diru laguntzetan ez da gutxiago bideratu”. Oraindik ere zonifikazioa gainditu beharra dagoela eta euskarak merezi duen tokia behar duela nabarmena dela ere badaki Aznalek. “Hizkuntz eskubidea nafar guztientzat bermatu beharra dago”.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!