Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 25a, 10:30

2021eko txapelketako aurrekanporaketa, Iruritan. Iturria: Bertsozale Elkartea.

Bi aurrekanporaketa jokatuko dira maiatzaren 26an Larraunen eta ekainaren 2an Etxaurin; 12 parte-hartzaileetatik zazpi sailkatuko dira.

Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, abenduaren 2ra bitarte luzatuko dena. Aurretik, ordea, bi aurrekanporaketa saio jokatuko dira, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko. Maiatzaren 26an Larraunen, eta ekainaren 2an Etxaurin jokatuko dira bi saio horiek, eta 12 bertsolarik hartuko dute parte guztira.

Txapelketako araudiaren arabera, 2021eko azken ekitaldian parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dutenek, edota 2021koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, aurrekanporaketa fasea jokatu beharko dute, txapelketara sailkatzeko. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken hiru sailkatuak ere batu zaizkie guzti horiei. Gauzak horrela, 17 bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta 12 aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik zazpik lortuko dute sailkapen txartela: saioetako irabazleak eta puntuazioaren araberako lehen bostak lortuko dute. 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian. Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan aurrekanporaketetan.

Aurrekanporaketa saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke (5 eurotan arruntak, 4 eurotan bazkideenak, eta 3 eurotan 18 urtetik beherakoenak). Hauek dira bi saio horien xehetasunak:

LARRAUN

Gabari gune irekian izango da (Larraungo udaletxea). Maiatzak 26, ostirala, 18:30ean.

Parte hartzaileak Beñat Astiz Isasi, Etxahun Azkarraga Fernandez, Fernando Ziganda Urdanpilleta, Mintxo Astiz Goñi, Peio Ardaiz Gale eta Urko Gartzia Aleman izango dira; gai-jartzailea, Alaitz Rekondo Ferrero

ETXAURI

Udaletxeko aretoan izango da. Ekainak 2, ostirala, 18:30ean.

Parte hartzaileak Ainara Ieregi Aranburu, Aitor Irastortza Arrizurieta, Bittori Elizalde Soto, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien, Eki Mateorena Zozaia eta Saats Karasatorre Martinez izango dira; gai-jartzailea, Ander Aranburu Arriola.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!