Esan Iruña eta irribarre egin lelopean Iruñeko Udalak, uda honetan, uztailean, abuztuan eta irailean eginen diren lau ekitaldi sustatzea izanen du ardatz. Gainera hirian eta inguruan gozarri diren hainbat kultura, kirol eta natura-jardueraren berri ere emanen dute. Sanferminak, Harresietako jaialdia, Flamenco on Fire eta Batasunaren Pribilegioa Udalaren jarduera-egutegiko ekitaldiak dira bisitariak erakartzeko kanpainaren protagonista.
Ohar bidez udalak azaldu duenez "familiendako, gazteendako eta bikoteendako diseinatuta dago bereziki; batez ere, Espainiako eta Frantziako biztanleei zuzentzen zaie, baina azpimarra berezia egiten zaie Madrili, Kataluniari, Valentziari eta Euskal Autonomi Erkidegoari, besteak beste, horietatik baitatoz bisitari gehien". Hiriko turismo-eskaintza ikusarazteko, sustapen bideo bat editatu dute aurtengo udako programazioaren lau mugarriak ardatz hartuta: Sanferminak (uztailaren 6tik 14ra); Harresietako jaialdia (abuztuan), zirk-, dantza eta musika-emanaldiekin; Flamenco on Fire (abuztuaren 23tik 27ra), eta Batasunaren Pribilegioa (irailaren 8an), aurten 600. urteurrena ospatzeko musika-ekitaldiak, Erdi Aroko azoka eta bisita gidatuak ere izanen dituena. Gaztelania hutsean dago publikaturik.
Sustapen-bideo hori, eta beste zenbait ekintza hainbat euskarritan ikusten ahal izango dira Udalak sare sozialetan dituen profiletan, mupi digitaletan kasu, nahiz beste komunikabide batzuetan, esaterako bidaien edo eragin-sortzaileen webguneetan. Datozen asteetan beste material batzuk editatuko dira, hala nola hainbat hizkuntzatan prestatutako liburuxkak eta web atariak, eta turistei harrera egiteko tokietan gune batzuk egokituko dira ongietorria egin eta hiriak eskaintzen dituen proposamenak azpimarratzeko.
Iruñeari buruzko turismo-informazio guztia Turismo Bulegoan, Ultreia zentroan, Gotorlekuen Interpretazio Zentroan eta Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu/turismoa) eskuratzen ahal da. Jardueretarako sarrerak Turismo Bulegoan bertan dagoen sarrerak erosteko totemean, https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es webgunean eta Pamplona - Iruña apparen bidez erreserbatzen ahalko dira.