Heldu den legealdian, azken bietan bezala, Zurekin Nafarroak gobernu aurrerakoia erdiesteko bidea markatzea nahiko luke Santosek: “Asko dago jokoan. Alderdi bakoitzaren indarrak asko marka dezake gobernu osaera. Negoziaketak gogorrak izaten dira, baina, adostasun boteretsuak erdietsita luzera begirako gatazkak ekidin ditzake”, azaldu du. Ahalik eta gobernu aurrerakoi gehien sortzea izan behar da helburua Zurekin Nafarroako ordezkariaren iritziz. “Ez da bakarrik PSNk nahi duena. Denon jarrera kontuan hartu behar da”.
Gobernuaren barruan edo kanpoan egonen ote den koalizioa galdetuta, Santosek garrantzitsu jo du gobernuaren osaeran parte hartzeko zehaztea lehenik zer egiteko osatuko den, nola aritzeko eta norekin aritzeko. “Ahal Duguk asmatu zuen gobernuan sartzen duela lau urte. Erabilgarriak gara, politika erabilgarria egiteko gai izan garela erakutsi dugu. Ezinbesteko izan gara aldaketa egi bihurtzeko. UPNk 20 eserleku zituen, PSNek eta Geroa Baik ere elkarrekin 20. Guk markatu dugu aldaketa”, eta bide horretatik segi nahiko lukete maiatzaren 28tik aurrera ere.
Oinarrizko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu
“Diru publikoarekin zerbitzu publikoa bermatzera jo behar da”, argi du Santosek. Indartu, hobetu eta bermatu egin behar zaie herritar guztiei oinarrizkoak diren zerbitzuak. Osasungintzaren aldeko jarrera hartu behar da, Lehen Mailako Arreta zaindu, kudeaketa beste modu batean egiteko beharra dagoela dio. Hezkuntzan ere ezinbestekoa da inbertsio handiagoa. “Berdintasuna lortuko duen hezkuntza lortu behar da. Enplegua, kalitatezkoa izan behar da. Baliabideak eman behar zaizkio jendeari: oinarrizko errenta bai, baina enplegu egokiak sortu ere bai”.