Osasuna

Kale

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko mai. 22a, 13:21
Aimar Oroz, atzoko norgehiagokako pasarte batean. (Argazkia: Osasuna).

Osasunak hiru eta zero galdu zuen atzo, Atletico de Madriden aurka, partida kaskar batean. Porrot horren ondotik hamargarren postuan dago, 47 punturekin, eta hirura dauka Europan jokatzeko aukera ematen duen zazpigarren postua.

Almeriaren aurka bale, Atletico de Madriden kontra kale. Talde andaluziarraren aurka norgehiagoka bikaina jokatu eta gero, bazirudikeen gorritxoak goranatza zihoazela, baina atzo partida kaskarra egin zuten Madrilgo Metropolitano futbol zelaian. Arrasatek hasierako hamaikako erasokorra prestatu zuen, aurrealdean Ruben Garcia, Aimar Oroz, Chimy Avila eta Budimir jarriz. Alta, taldeak ez zuen asmatu ez erasoan, ezta defentsan ere. Jokoa, sentsazioak, jarrera txarrak izan ziren oso. Madrildarren lehen gola lehen zatiaren azken txanpan iritsi zen, Osasuna hobekien ari zelarik, defentsako huts egite kate baten ondoren, Griezmanek Carrascori lehen gola oparitu zion.

Bigarren zatiaren hasieran, Chimy aulkian utzi zuen Arrasatek, Juan Cruz zelairatzeko. Bazirudikeen taldea berpiztuko zela, baina ameskeria izan zen: Juan Cruzek areatik kanpo pase bat huts egin eta gero, Saulek madrildarren bigarrena egin baitzuen. Correak sartuko zuen hirugarrena, Atleticoren festa biribiltzeko.

Arrasatek aurkaria gehiago izan zela aitortu zuen norgehiagokaren amaieran: “Partida txar bat egin dugu eta merezitako porrota jaso dugu. Oso hasiera kaxkarra egin dugu, haiek gehiago izan dira baina ez dute golik egin. Gero soltatzen hasi garenean eta gauzak parekatzen hasi direnean, heldu da lehen zatiko azken jokaldi hori, ez gara batere ongi izan, baloi bat filtratu dugu filtratu behar ez genuenean, eta haien lehen gola iritsi da. Eta hori gatza da, abantaila oso ongi kudeatzen baitute. Bigarren zatian nahi eta ezinean ibili gara”.

Osasunak ostegunean ilunabarreko bederatzi eta erdietan jokatuko du Europan jokatzeko final bihurtu den Athleticen aurkako euskal derbia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!