M28 udal eta foru hauteskundeak

EH Bilduko zazpi hautagaik ez dute zinegotzi kargua hartuko, tartean Berriobeitiko hirugarrenak

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 16a, 11:19

Berriobeitiko zerrendetan hirugarren doan Juan Carlos Arriagak eman du pausu hori. 44 hautagaietatik gehienak "politikoak soilik ziren jarduerak" egiteagatik kondenatutakoak dira eta aitortu dute uko egin dietenak direla euren kasuak "nabarmenagoak" izan direlako "egozten dizkieten ekintzengatik".

Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak egindako salaketa bat izan da eztabaida politikoaren zentroan jarri dituena EH Bilduko 44 hautagai, ETAko kide izan zirelakoan kondenatutakoak. Gaur Naiz agerkarira bidali duten gutun baten bidez jakinarazi dute horietatik zazpik uko eginen dietela euren udalerrietan hautagaitza ateraz gero hori hartzeari: gutuna idatzi duten zazpiak dira odol delituak egozten dizkietenak, tartean, Berriobeitiko Udalerako koalizio abertzalearen zerrendan doan hirugarrena, Juan Carlos Arriaga. 

"Gure herrietako zerrenden osaera garrantzi handiko kontua bilakatu da, eta horrek, arrazoi ezberdinengatik, gure hautagaitzak erretiratzera behartzen gaitu", esan dute. Horregatik eginen diote uko zinegotzi izateari hala suertatuz gero. Gehitu dutenez, "begien bistakoa da azken egunetan interes partidistak gailendu direla, elkarbizitzarekin eta bakearekin zerikusi gutxi dutenak". Uste dute gainera, polemikaren helburua EH Bilduri min egitea dela.

Gutuna sinatu dutenak hauek dira: Jose Antonio Torre Altonaga, Asier Uribarri Benito, Lander Maruri Basagoiti, Begoña Uzkudun Etxenagusia, Jose Ramon Rojo Gonzalez, Juan Carlos Arriaga Martinez eta Agustin Muiños Diaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!