Nafarroako PPk Alberto Nuñez Feijooren sostengua jaso zuen atzo Baluarten. Eskuin muturreko Vox alderdiak Santiago Abascalena, Iruña Park hotelean. Bisitok krudelki utzi zuten agerian UPNren zurztasuna: jada ez du Madrildik sostengua adieraziko dion aitabitxirik. Desesperantzak erregionalisten buru Javier Esparza Pedro Sanchezi aitaordearena egiteko eskatzera bultzatu zuen, bere kanpaina lelo nagsiaren aurka.
Nafarroako Alderdi Popularraren kanpainako ekitaldi nagusian, PPko presidente Alberto Nuñez Feijook espero zitezkeen bi gauza esan zituen: 1) Ez duela akordiorik lotuko ez EH Bildurekin ezta PSNrekin ere (ezustekoa Las Gaunasen). Eta 2) Etorkizunean Nafarroako alderdi nagusia izanen dela (tripako mina Vianako Printzea plazan: remember Unidad Alavesa). Halaber, Feijook ez zuen esan espero zen gauza bat: oso gustura zegoela Errioxako hiriburura etorrita, edo asko gustatzen zitzaiola Guggenheimen Karlismoaren Museoa (aurrekariek horrelako zerbait eginen zuela aurreikustera bultzatzen gintuzten: ikus Albacete eta Valladolid).
Betiko zalantza: eskuin muturreko alderdiez idatzi behar dugun ala ez. Gauzak horrela, lehenik eta behin aipatuko dut elkarretaratze antifaxista egin zutela Abascalek mitina egin zuen hotelaren aitzinean. Horren ondotik, nabarmenduko dut Abascalek Feijoorena egin zuela. Erran nahi baita bera bai, bera identitate kontuekin nahasi zela. Lehendabizi bere alderdiko Nafarroako zerrendaburu gehienak emakumezkoak direla goretsi zuen, eta jarraian esan zuen bere garaian ere terrorearen aurka altxatzen lehenak euskal emakumeak izan zirela. Txilinbuelta handirik egin gabe, hortik erator genezake nafar emakumeak euskal emakumetzat dituela, nahiz eta haren alderdia Nafarroaren espainiartasunaren defendatzaile bakartzat aurkeztu zuen.
Esan gabe doa Feijook eta Abascalak Iruñean zehazki adierazitakoek ez dutela berebiziko garrantzirik. Ahuntzaren gauerdiko eztula direla ere esan genezake, ez balitz hauteskunde kronikak osatzeko entretenigarriak zaizkigulako. Hemen egiazki axola duena da Nafarroako eskuin espainiazalea zartatu den honetan, PPk eta eskuin muturreko Vox alderdiak badituztela aitapontekoak Madrilen, eta UPNk, ordea, ez. Eta historikoki Madrildik jotzen duen haizeak eragin nabarmena izan duela Nafarroako indar espainiazaleen hauteskunde emaitzetan. Eta Espainian aliaturik izan gabe zaila izanen dela udazkenean ordezkaritzarik erdiestea Espainiako Gorteetan. Eta Espainiako Gorteetan ordezkaritzarik izan gabe zaila dela Madrilen eragitea Nafarroako Jauregian gauzak aldaraz ditzaten. Eta Ferrazetik Sarasatera kontra aginduak ez badira iristen oso zaila izanen dela UPN gobernura itzultzea. Eta, one more time, remember Unidad Alavesa.
Seguru asko Feijooren eta Abascalen atzoko bisitek hori guztiori (erran nahi baita UPNren zurztasuna) krudelki utzi zutelako agerian, erregionalisten presidente Javier Esparza atzo desesperatuki saiatu zen Madrilen aitaponteko bat lortzen. Harrigarriki, mezu zuzena bidali zion PSOEko buru Pedro Sanchezi, eskatuz adopta dezala. Tira, ez zuen zehazki hala esan, baina ia-ia: eskatu zion ez diezaiola utzi Txibiteri EH Bildurekin akordioak lotzen. Nork eskatuko hori eta bere alderdiak erabakiak Iruñean hartzen dituela eta denek hala egin beharko luketela la haizetara zabaltzen hilabeteak daramatzan indar politikoko buruak.