M28 udal eta foru hauteskundeak

Geroa Baik "ahanztura eta desmemoriaren arriskuei" aurre egiteko ekimenak aurkeztu ditu

Iosu Ganuza Garcia 2023ko mai. 15a, 13:22

Uxue Barkos eta Ana Ollok terrorismoaren biktimei buruzko foru lege berri bat proposatu dute eta sekretu ofizialen legea aldatzea.

Geroa Baik memoria izan du hizpide gaurko hauteskunde ekitaldian. Biktima guztiak aintzat hartzea, terrorismoaren biktimen lege berria eta sekretu ofizialen legea aldatzea mahai gaineratu dituzte Uxue Barkos zerrendaburu eta Ana Ollo kontseilariak

Memoria historikoa eta elkarbizitza izan dira hizpide Media Luna parkean den Atxilotze zentroen  oroitarrian.

Belaunaldi berriak "aurreko belaunaldiak hazi diren desmemorian haztea eragotzi behar da", nabarmendu dute, ahanzturarekin batera bidegabekeria eragiten duelako horrek.

Terrorismoaren biktimen foru lege berri bat eskatu du Geroa Baik, " terrorismoaren biktimak daudelako, baita ETArenak ere” nabarmendu du aldiz Ollok, “hamarkadetan zehar Nafarroan gutxietsiak izan direnak", edo sekretu ofizialen legea aldatzea, "Mikel Zabalzaren kasua bezalako kasuak ikertzea eragozten duena".

Memoria historikoa etorkizuneko balio gisa aldarrikatu dute sozialberde eta jeltzaleen koaliziotik.

Gainera, Ollok gaineratu duenez, "polizia-indarkeriaren eta funtzionario publikoen indarkeriaren biktimen errekonozimenduan aurrera egiten jarraitu behar da, Errekonozimenduaren Erreparaziorako Batzordeari bultzada emanez", eta "egia eta justiziarako eskubideetan aurrera egiten jarraitu behar da, biktimagileen ezagutzarekin".

Ohartarazi dute eskuin-muturraren diskurtsoak hedatzen hasiak direla Nafarroan eta horiek elkarbizitzarako oztopo direla. Horregatik, Geroa Baik proposatu du memoriaren eta bizikidetzaren bigarren plan estrategikoa bultzatzea, Nafarroa anitza ideologian, identitatean, hizkuntzan, kulturan, arrazan, sexu eta genero identitatean aintzatesteko bidean aurrera egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!