OSASUNA 3 - 1 ALMERIA

Oparirik hoberena

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko mai. 15a, 07:31
Moi Gomez, 21 paseren buruan, Osasunaren bigarren gola sartzen. (Argazkia: Osasuna).

Zaleei Kopako sostengua eskertu nahi zien Gizonezkoen Osasunak larunbateko norgehiagokan, eta opari ederra egin zien: denboraldiko garaipen ikusgarria.

Gizonezkoen Osasunak zaleei Kopan emandako sostengua eskertu nahi zien larunbatean. Norgehiagoka hasi aurretik, soka laukote batek taldearen ereserkia jo zuen zelai erditik, eta Luis Sabalza oresidenteak Kopako txapelduordearen garaikurra eskaini zien ikusleei, bazkiderik urtetsuenarekin batera.

Nolanahi ere, oparirik ederrena jarraian etorri zen, jokalariek garaipen ikusgarria erdietsi baitzuten, denboraldiko norgehiagokarik onena eginez.

Beti bezala goian presio grinatsua egiteaz gain, baloia inoiz baino hobeki mugitu zuten, paseak erritmo bizian eginez, espazioak ederki aprobetxatuz, aurkariaren areara behin eta berriz arriskuarekin hurbilduz.

Horren guztiaren adibide paradigmatikoa izan zen gorritxoen bigarren gola: hogeita bat pase egin zituzten. Azkena, hoberena, Aimar Orozek area barruan Moi Gomezi egin ziona. A ze erakustaldia Arazuriko txoritxoarena. Gol horretan, Budimerrenean, partida osoan, Kopako finalean. Dirdira handi horrek ez ote duen erakarriko talde dirudunen atentzioa. Bidenabar: Abderen gola ere itzela izan zen. Eskuadratik sareetara. Arte lana.

Opari ederra jasota, 47 puntu patrikaratuta, zale gorritxoak Europarekin amesten hasi dira, zazpigarren postua puntu bakarrera dago eta. Arrasate kontent azaldu zen kazetarien aitzinera, norgehiagokaren ondotik: “Aste berezia izan dugu. Maitasun handia eduki dugu aste osoan zehar. Taldeak partidu handia egin du. Zorte handia izan dugu partida etxean jokatuta. Garrantzitsua zen. Badakizu zure zaleen babesa duzula. Partidu ona egin dugu eta bigarren zatiaren hasieran bi gol egin ditugu eta horrek erraztasun handia eman digu. Ligako itzultzeko modurik hoberena hau zen: partidu ona egin eta garaipena gure zaleekin ospatzea”.

Bi jai egun gozatu eta gero, jokalariak bihar hamar eta erdietan itzuliko dira Taxoareko entrenamenduetara, igandean, arratsaldeko laurak eta laurdenetan, Calderonen, Atletico de Madriden aurka jokatuko duten partidua prestatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!