Gauerdian abiatu da Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara eramanen gaituen hauteskunde kanpaina. Nolanahi ere, alderdi gehienek arratsaldera aurreratu zituzten haien ekitaldiak, eta haien xedeak zeintzuk diren, eta kanpainan aurkakotasuna norekin bilatuko duten argi utzi zuten.
Kanpaina honetako berrikuntza nagusia, eskuinaren, Navarra Sumaren zatiketa. Horren aitzinean, boto erabilgarria nola erakarri nahi duen argi du UPNko zerrendaburu Javier Esparzak. Haren hitzetan, bi aukera daude: “edo sozialisten gobernua dago EH Bilduren babesarekin, terroristak barnebiltzen dituena; edo UPNren gobernua dago”.
PSNko lehendakari gai Maria Txibitek enbido horri bi gehiago gehituz erantzun zion haren alderdiaren kanpaina hasierako ekitaldian. Lehen indarra izan nahi dutela esan, eta mezu zuzena bidali zien Javier Esparzaren boto emaileei: “horregatik guztien babesa eskatzen dut, baita UPN bozkatu duten eta bere buruarekin desengainua hartu dutenena ere”.
Geroa Bairen zerrendaburu Uxue Barkosek ere hauteskundeak irabazi nahi dituela esan zuen, eta hain justu Txibite eta haren alderdia jarri zituen bere kritiken jo puntuan, esanez Nafarroak Ferrazen eta Moncloaren eraginpetik aterako den gobernu ausarta behar duela. Xede horrekin, Geroa Bai egiten ari den lana azpimarratu zuen: “sutsua, berezia, gure gizartera ongizartea ekartzeko lana. Horretaz benetan arro nago. Kanpaina hau hasi nahi dut eskerrak ematen. Zuei, denoi, eskerrak ematen”.
EH Bilduren lehendakarigai Laura Aznalek aurkakotasuna eskuinarekin bilatu zuen, iragarriz beren esku dagoen guztia eginen dutela erakunde bakar batean ere agindu ez dezaten. Aznalen arabera, indar subiranista berme bakarra da gobernu askotariko, ireki eta ezkertiarra izan dadin: “asko lortu dugu, baina lan handia dugu aurretik. Indartsuago izan behar dugu. Hauteskunde hauetan maite dugun Euskal Herria, maite dugun Nafarroa, lau haizeetara zabalduko dugu. Eta egin, egingo dugu. Ez izan zalantzarik”.
Zurekin Nafarroak hauteskunde gaueko ezustekoa izan nahi du, haren zerrendaburu Begoña Alfaroren arabera. Duela lau urte ez bezala, hauteskunde hauetan haien espazio soziopolitikoa batera aurkeztuko da hauteskundeetara, eta batasun horretan aitzindari izateak etekin elektoralak ekarriko dizkiela uste du: “Zurekin Nafarroa beharra zen, eta ez dut zalantzarik, heldu den maiatzaren 28an sorpresa izanen gara”.