M28 udal eta foru hauteskundeak

Nafarroako kolektiboek "etxebizitza duina" aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute larunbaterako

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 9a, 20:05

Kolektiboek eskainitako prentsaurrekoa. Iturria: ETXE BIZI.
  • Iruñerrian etxebizitzen prezioak % 32 egin du gora azken 5 urteetan eta Nafarroan % 42.
  • “Klase sozial pobretuenen bizi-baldintzen okertzearen aurrean” hobekuntzak ekarriko dituzten berehalako eta epe luzerako neurriak eskatuko dituzte. 

Haritu Etxebizitza Sindikatua, Jaki Toki, Paris 365, Martes al Sol, Haziak, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Sarea, Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioa, Lantxotegi, Karabana Mugak Zabalduz, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak, SOS Arrazakeria Nafarroa eta Errotxapea Auzolan elkarteek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako "etxebizitza duina" aldarrikatzeko, Iruñeko Sarasate Pasealekutik abiatuko dira 18:00etan eta Gaztelu Plazan manifestua irakurriko dute.

"Alokairuaren prezioak ito egiten gaitu! Etxebizitza guztiontzat!" lelopean egingo dute mobilizazioa "etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunak edo ezintasunak dakarren arazoa" salatzeko. "Egungo sistemak negozio bihurtzea lortu duen oinarrizko eskubideetako baten urraketa”  nabarmendu dute ohar batean kolektiboek. “Eskubide horrekin kapitalizatu eta negozioa egiten duen merkatua ez dugu babestu nahi” adierazi dute.

Gaineratu dutenez, alokairuen prezioa "garestitu egin da azken urteetan, eta biztanleriaren diru-sarrerak ez dira proportzionalki hazi". Ondorioz, milaka familia hileroko ordainketari aurre egin ezinean dabiltza eta horri “horniduren eta oinarrizko ondasunen gastuaren igoera esponentziala gehitu behar zaio” eta horrek etxebizitzarako eskubidea galtzea edo “bizi-proiektuak are gehiago prekarizatzea dakar”, azpimarratu dute.

Kolektiboek salatu dutenez, Iruñean eta eskualdean etxebizitzen prezioak % 32 egin du gora azken 5 urteetan eta Nafarroa osoan % 42. Oharrean argitaratutako datuen arabera, "2015ean, alokairuko etxeen % 61ek 300 eta 600 euro bitartean ordaintzen zuten hilean. Gaur egun, % 54k 600 eta 1000 euro bitartean ordaintzen du”, 35 puntu gehiago. Gazteen egoera salatu dute ere bai, Nafarroako gazteek alokairua ordaintzeko soldataren % 70 erabili behar dute eta.

Berehalako eta epe luzerako neurriak eskatzen dituzte kolektiboek, hala nola etxegabetzeak geldiaraztea, etxebizitza hutsen erabilera, alokairuaren prezioak benetan arautzea, turistifikazio- eta gentrifikazio-prozesuak geldiaraztea, edo alokairurako etxebizitza publiko eta sozialak eraikitzea. Era berean, pertsona guztien etxebizitzarako eskubide unibertsala bermatzea eskatu dute taldeek eta Espainiako Gobernuak onartutako Etxebizitzaren Lege berria balioetsi duten arren, “hauteskunde-estrategiari” zor zaiola salatu dute. Izan ere, “legeak ez ditu alokairuaren prezioak arautzen, tenkatutako eremuetan soilik eragingo du eta ez du deshauziorik eragotziko”.

Hala, datorren larunbateko manifestazioan “gizarte klase pobretuenen bizi baldintzen okertzearen aurrean hobekuntza nabarmenak ekarriko dituzten neurriak” eskatuko dituzte. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!