Harrera beroa

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 9a, 07:55

Ehunka zale elkartu ziren atzo Iruñeko Udaletxe plazan, Osasunari eskerrak emateko Kopako txapelketan egindako bidearengatik. Taldeari harrera ofiziala egin zioten Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak.

Sevillako finala galdu zuen Osasunak, baina bidean beste hainbat gauza irabazi ditu azken egunotan: nortasuna, identifikazioa, partaidetza sentimendua. “Kopak erakutsi du Osasuna zer den. Une latz asko izan dira, baina ez gara errenditu, finalera iritsi gara eta finalean ere lehiatu egin gara”, laburbildu zuen atzo Arrasatek, Iruñeko Udaletxean.

Atzo Iruñeko Udalak zein Nafarroako Gobernuak harrera ofizialak egin zizkieten zuzendaritzari, entrenatzaileari eta taldeko kapitainei, eta ehunka zalek aukera profitatu zuten taldeari harrera egiteko. Jagoba Arrasate guztiz eskerturik azaldu zen zaleen maitasun horrekin guztiarekin. “Oso eskertuta nago, hasieratik maitasun handia jaso dudalako, eta hori da pertsona batek gehien eskertzen duena”.

Bistan da Finalean bizitakoak jokalariak ahaldundu dituela. Horren erakusle, orain arte kazetarien aitzinean euskaraz mintzatzera ausartzen ez ziren bi kapitain Aitorren hizkuntza zaharrean aritu zirela atzo mikrofonoen aitzinean.

“Badakigu jendearentzat asteburu hau oso garrantzitsua izan dela. Asteburu gogorra izan da, emozio askorekin. Pena izan da Kopa ezin irabaztea, baina datorren urtean beste aukera bat espero dugu. Finala galdu eta gero triste geunden, baina denborarekin egindakoa baloratuko dugu. Jendearen sustenguarekin hobeto gaude”, azaldu zuen Jon Moncayolak.

“Irabaziz gero bagenekien zerbait prestatuko zutela, baina gaur ez genuen ezer espero, eta oso pozik gaude. Egia esan, ez dakit zergatik hartu gaituen ezustean. Gure zaleak nolakoak diren ezagututa, espero zitekeen. Sentimendu nahasiak ditugu. Denbora behar dugu pena hau kentzeko, eta pozik egoteko”, gaineratu zuen Unai Garciak.

Atzo jada entrenamenduetara itzuli zen Osasuna, larunbatean, laurak eta laurdenetan, Sadarren, Almeriaren aurka jokatuko duen norgehiagoka prestatzen hasteko.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!