"Hankak eta bihotza baliatuz" jardungo du Osasunak Cartujan

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza eta Iosu Ganuza Garcia 2023ko mai. 5a, 18:42
Jokalariak gaurko entrenamendua. Iturria: C.A. Osasuna

David Garcia kapitainaren aburuz "zaleek gozatuko dute", jokalariek aldiz "sufritu". 

Ordubete inguruko entrenamendua egin du Osasunak Sevillako Cartuja estadioan. Zelaiaren erdia baliatzeko aukera izan dute Jagoba Arrasateren gizonek, hego harmailaren aldea hain zuzen ere. Bihar bertan pilatuko da estadioaren erdia gorriz koloreztatuko duen marea gorritxoa.

Berdegunearekin aurreneko eta azkeneko kontaktuaren aurretik, prentsa aretoan mintzatu dira David Garcia kapitaina eta Jagoba Arrasate entrenatzailea.

Gorritxoen bosgarren zenbakiaren aburuz, biharko partiduan “gozamena zaleentzat" izango da; "jokalariok sufrituko dugu". Azken hilabetean (Athletic-en aurkako finalerdiaren itzulikoaren ostean) "taldearen garapena handia" izan dela zehaztu du Garciak.

Iberokoaren ustez presioak ez dio taldeari eraginogo, baina bihar "urduritasun apur bat" izango dutela aitortu du. Hala ere, taldean "dena emateko prest" omen daude. Gaineratu du taldeari ez zaiola "bihotzik" faltako, "24.000 eztarri gorri" izango baitituzte beren alde. 

Jagoba Arrasate entrenatzaileak, aldiz, taldeak emozioak eta burua uztartu behar dituela uste du. Gogoz agertu da: "Biharkoan partidu handia egin nahi dugu, Kopa Iruñera eramateko".

Taldearen indarguneez galdetuta, aldarrikatu du bere aldagela "familia bat" dela, eta azpimarratu taldeak Sevillara bidaiatu duten jokalari guztien ekarpena behar duela. "Ezinezkoa da soilik 11 jokalarirekin Real Madril mendean hartzea. Aulktik aterako diren 5 edo 6 jokalari horiek ere %100 eman beharko dute, baita jokatuko ez dutenek ere. Gure indargunea talde-lana da; bat eginik aritu behar dugu defentsan. Erasoan, berriz, joko elektrikoa egiten saiatuko gara".

Aste hau "beste aste baten gisara" prestatu dutela nabarmendu du teknikari bizkaitarrak. Hala ere, ez du ukatu "partidu berezia" denik. "Gure jendeak duen ilusioa baliatu behar dugu zelaian". Zaleen grinaz baliaturik, aurkaria estu hartzea dute xede: "Ez dugu erraztasunik eman nahi. Gure bertsiorik onena emateko borrokatuko gara, eta langa goian jarriko dugu. Gainditu nahi badu, Real Madrilek izerdi egin beharko du".

Arrasate jakitun da erronkaren zailtasunaz, baina baikortasunez eta itxaropentsu solastatu da kazetarien aurrean: "Brauliok [Vazquez, Osasunako kirol zuzendaria] esan bezala, gauzak lortzeko aurretik irudikatu egin behar dira, eta David eta Unai Kopa altxatzen ikusten ditut". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!