Osasuna

Abian da 25.000 Osasuna zaleen diaspora

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 5a, 08:13

Hogei autokarabana abiatu ziren atzo 18:30ean, Sadar paretik.

150 autobus joanen dira Iruñetik Sevillara. 15 tren berezi antolatu dituzte. 200 autokarabana espero dituzte.

Gero eta gutxiago falta da bihar 22:00etan Osasunaren eta Real Madriden arteko Kopako final handia hasteko. Eta partida bertatik bertara gozatu ahal izateko, 25.000 Osasuna zale bidaiatuko dira Iruñetik Sevillara. Bart lehenak iritsi ziren Andaluziako hiriburura, beren elastikoekin haren karrikak gorriz tindatzen hasteko.

Autobus gidarien lan gatazka konpondurik eta haien asteburu honetarako greba deialdia bertan behera geratu eta gero, atzo arratsaldean lehen busak atera ziren euskaldunon hiri buruzagitik Andaluziako hiribururantz. Guztira 150 izanen dira bidaia hori eginen duten mota honetako ibilgailuak.

Sanduzelaiko tren geltokian ere Osasunaren elastikodun bidaiariak ikusi ziren atzo. Guztira 15 tren berezi antolatu dituzte haientzat.

Esan gabe doa, milaka zalek bidaia autoz eginen dutela. Edo autokarabanaz. Atzo 20 abiatu ziren Sadar paretik 18:30ean. Sevillan guztira 200 elkartuko dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!