M28 udal eta foru hauteskundeak

EH Bilduk "anbizio handiko" programa aurkeztu du "herritarren beharrak erdigunean jarriz"

Iosu Ganuza Garcia 2023ko mai. 4a, 11:47

1.310 proposamen eta 227 orrialdetan banatzen da Nafarroako Legebiltzarrerako programa.

Heldu den legegintzaldian anbizio handiko politikak mahaigaineratuko dituela agindu du EH Bilduk. Koalizioak Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeen programa aurkeztu du.

Programa zabala Laura Aznal zerrendaburu eta Nafarroako presidentegaiak aurkeztu duena, 1.310 proposamen 227 orrialdetan banatzen dena.

Autogobernua, gizarte-kohesioa eta energia-trantsizioa izanen dira ardatz. Politika publikoen benetako eraldaketa bultzatu nahi ditu abertzaleen koalizioak, herritarren beharrak erdigunean jarriz. Zerbitzu publikoak blindatzeko eta eskubideak zabaltzeko beharra izan dira programaren aurkezpenaren oinarri.

Nafarroako jendartearen erabakitzeko eskubidea eta ahalmena aldarrikatu ditu Aznalek.

Zentzu horretan LORAFNA berrikusteko eztabaida garatzeko eskatuko du EH Bilduk heldu den legegintzaldian. Zerbitzu publikoak indartu, garraio sare jasangarria, aberastasunaren banaketa eta etxebizitzarako eskubidea ere lan ildoen artean nabarmendu ditu Aznalek. Lurralde kohesioaren oinarri gisa azpimarratu du bertako kultura eta hizkuntza sustatzea.

Klima aldaketarekiko neuri eraginkor eta merkantilismotik urrun dauden erabakiak hartzeko beharraz mintzatu da Laura Aznal, besteak beste autokontsumoa sustatuz.

Interes orokorreko proposamenak direla iritzita, akordioetara heltzeko gaitasuna duen programa dela zehaztu du EH Bilduren zerrendaburuak, eskuinaren politikak behingoz Nafarroan era bat alboratuko dituztenak.

Gaineratu du Aznalek EH Bilduk dagoeneko argi utzi duela horretarako gai dela, hori erakutsi baitu Nafarroan eta Estatuan lortutako akordioekin.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!