Akordiora iritsi dira Nafarroako bidaiarien garraiorako hitzarmenean eta bertan behera utzi dute greba

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 3a, 21:01

ELA sindikatua Nafarroako bidaiarien garraio greban.
  • Sindikatuek sektoreko langileen "aldarrikapen gehienak" biltzen dituen akordioa lortu dute.

  • Sei urterako hitzarmena izango da eta soldaten igoera guztira % 21ekoa.

Aurreakordioa sinatu dute gaur arratsaldean Nafarroako Bidaiarien Errepideko Garraioaren Hitzarmen Sektorialaren negoziazioan parte hartu duten sindikatuek (CCOO, ELA, UGT eta LAB) eta ANET sektoreko patronalak (ANET). Hortaz, sindikatuek maiatzaren 5erako eta 6rako antolatutako greba bertan behera uztea erabaki dute. Osasunak Sevillan jokatu behar duen Errege Kopako finalean ez du eraginik izango.  

2020ean hasi ziren bi aldeen arteko bilerak eta 2021eko maiatzaren 11n 1.500 langile baino gehiagori eragiten dien hitzarmenaren negoziazioan hasi ziren sindikatuak eta patronala. Geroztik, sektoreak ez du  lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiborik lortu greba deialdia ezarri den arte. Gaurko batzarrean sektoreko langileen "aldarrikapen gehienak" biltzen dituen akordioa lortu da.

Zehazki, sindikatuek eta patronalak sei urterako hitzarmena adostu dute (2021etik 2026ra). Soldatari dagokionez % 10eko igoera zehaztu dute 2023rako, % 5,2koa 2024rako, eta % 3koa 2025erako eta 2026rako, guztira % 21,2ko igoera. 2026an hitzarmenaren indarraldia amaitzean, soldatak berrikusi ahal izango dira, "erosteko ahalmena galduko ez dela bermatzeko". Aurreko puntuez gain, akordioak lortu dira eremu funtzionalean, ordu osagarrietan, aldizkako finkoetan eta erretiro partzialean.

Sektoreko langileen batzarraren ostean egindako adierazpenetan, CCOOko David Marcalainek hala azaldu du: "bazirudien ez ginela egun honetara iritsiko, baina badirudi mobilizazioak eragina izan duela eta aurreakordio bat egon dela".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!