BARCELONA 1 - 0 OSASUNA

Burua tente

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 3a, 07:53

Pablo Ibañez Pedrirekin lehian, atzoko norgehiagokan. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak bat eta huts galdu du bart gauean, Nou Campen, Barçaren kontra jokatutako norgehiagokan. Minutu asko hamar gizonekin jokatu arren, partidaren azken txanpara arte eutsi zioten berdinketari.

Burua tente itzuli ahal izan dira Jagoba Arrasateren mutilak Kataluniako hiriburutik; izan ere, Barça ahalguztidunarekin parez-pare aritu dira lehian, 26. minutuan Hernandok txartel gorria ikusi duenetik hamar gizonekin jokatu arren, hasierako hamaikakoan Promesaseko hiru jokalari egonagatik ere: Herrando bera, Diego Moreno eta Iker Benito.

Defentsan erakustaldi latza egin dute, 85. minutuan Jordi Albak gola egin duen arte. Eta beste albiste on bat utzi du norgehiagokak: Lucas Torroren eta Chimy Avilaren berragerraldiak, lesioak gibelean utzirik.

Jagoba Arrasate haren taldeaz harro azaldu da kazetarien aurrera: “Harro taldeak egin duen lanarekin. Lan itzela egin dugu. Berriro erakutsi dugu lehiatzea zer den. Talde honek beti lehiatzen du. Gaur aukera gatza zen berez, eta hamarrekin geratuta are gehiago. Pena izan da bost minuturen faltan gola jasotzea. Ezin zaio gehiago eskatu. Zentzu horretan, harro taldeaz. Orain bai zapatua dugu buruan. Besterik ez dago. Errekuperatu behar dugu ondo, eta prest gaude larunbatean final on bat egiteko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!