Osasunak zero eta bat irabazi du Cadizen aurka, Mirandilla berrian jokaturiko norgehiagokan. Garaipen horren ondotik, eta jardunaldiko partida guztiak jokatzeko esperoan, gorritxoak zortzigarrenak dira sailkapenean 44 punturekin, Europa Ligueko postuetatik hirura.
Eraginkortasuna. Horixe izan zen atzo alderik handiena Cadizen eta Osasunaren artean. Talde andaluziarrak lehen zatian bi gol aukera argi eduki zituen, baina ez zuen baloia sareratu. Ruben Garciak, aldiz, bigarren zatian, 61. minutuan, gol puska sartu zuen, area ertzetik egindako jaurtiketa zital baten bitartez.
Gol horri esker, Jagoba Arrasateren taldeak meritu handiko garaipena erdietsi zuen, jaitsiera saihesteko hil ala biziko borrokan murgildurik dabilen aurkari baten aurka. Cadiz nahi eta ezinean aritu zen, bultza eta bultza. Osasunak ongi eutsi zion, hainbatetan baloiarekin defendatuz.
Albiste ona: hasierako hamaikakoan Promesaseko bi jokalari izan ziren, Iker Muñoz eta Iker Benito, eta biok ala biok partida ona egin zuten, bereziki Benitok. Albiste txarra: Kopako finala kolokan egon daiteke Chimy Avilarentzat zein Ez Abderentzat.
Argentinarra azken unean hasierako hamaikakotik erori zen, beroketa ariketak egiten ari zela soleoko lesioa berpizturik sentitu zuela eta. Marokoarrak 85. minutuan txartel gorria ikusi zuen, aurkari bat zangotrabatzeagatik, baloia urrun zela. Lehiaketa Batzordeak lau norgehiagoka edo gehiagoko zigorra ezarriko balio ezinen luke Cartujan jokatu. Ez dirudi hala izanen denik, falta ez baitzen hain larria izan.
Osasunak ostiralean jokatuko du Ligako hurrengo partidua, euskal derbia, Realaren aurka, gaueko bederatzietan, Sadarren.