Aralarko Mikel goiaingerua astelehenean iritsi zen Iruñera, eta ordutik hiri buruzagiko hainbat erakunde, ikastetxe eta eliz bisitatzen ari da. Tradizio zaharra da bisitok Pazkoa Astelehenaren ondoko astean egitea. Beste tradizio bat sortu da azken urteotan, irudi erlijioso baten bisita erakunde publikoetan jasotzearen inguruko polemika piztea hain zuzen ere. Konparaziora, azkenaldian Jaun Done Mikelek Iruñeko Udaletxea bisitatzen du, baina ez, ordea, Nafarroako Parlamentua edota Nafarroako Jauregia.
Polemika horretan berrikuntza bat izan da aurten: Nafarroako Gobernuak Justizia Auzitegiko ateak itxi dizkio San Mikeli. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (NJAN) ohitura zaharrari jarraituz harrera eginen dio gaur goiaingeruari, baina Justizia Jauregiaren eraikinaren jabea Nafarroako Gobernua da, eta bisita funtzio judizialarekin zerikusirik ez duen jarduera denez, exekutiboaren baimena ezinbestekoa da gauzatu ahal izateko. Migrazio Politika eta Justizia Departamentuak baimen hori ukatu egin du.
Gauzak horrela, tradizioari eusteko xedearekin, NJANko presidente Joaquin Galvezek Justizia Auzitegiaren pareko plazan eginen dio harrera Aralarko Mikel Goiaingeruari.