Atzokoan, Mikel Zabalzaren izena, berriro ere Madrilen izan zen entzungai, Senatuan. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Senatuan azalpenak eman behar izan zituen, Arturo Espejo Valero teniente jeneralaren kargu goratzeaz eta Guardia Zibilaren Laguntza Aginteko buru izendatzeaz. Espejo Intxaurrondoko kuartelean Mikel Zabalzaren heriotza eta estaltzean parte hartu zuten hiru guardia zibiletako bat izan zen.
Marlaskak Espejoren goratzea argudiatu zuen esanez Guardia Zibilaren goi-agintaria ez dutela inoiz inputatu gertakari horiengatik, eta ez dutela inolako ebazpen judizialetan akusatu. “Ez dago elementu kontraesankorrik mailaz igotzeko, zuzenbide estatuan errugabetasun-presuntzioa ezartzen baita ", azaldu zuen epaile ohiak. Agerikoa da erantzunean, Zabalza familiak urtetan egindako inpunitatearen salaketa.
Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek Gobernuaren jarrera salatu zuen: “Zer zor dio Pedro Sanchezen Gobernuak Arturo Espejori? Zer gaixotasun morala du Espainiako Gobernuak torturapean hildako Mikel Zabalzaren kasuan inplikatuta dagoen Guardia Zibil bat saritzeko?”. Azkenik, Martinezek Marlaskari esan zion, "Gertatutakoa ezkutatzeak, torturatzaileei emandako txaloak, Mikel Zabalzaren familiarekiko mespretxuak”, Sanchezen Gobernua borreroekin bat egiten duen Gobernu bihurtzen dutela, “biktimak birbiktimizatzen dituena, memoria, egia, justizia eta erreparazioa mespretxatzen dituena".