Hezkuntza Departamentuak euskarazko eskolaz kanpoko jarduerak diruz lagunduko ditu

Euskalerria Irratia 2023ko api. 17a, 14:30

Helburua da eremu akademikotik at bertako hizkuntza sustatzea. 

Hezkuntza Departamentuak argitaratu du Nafarroako Buletin Ofizialean euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak diruz laguntzeko deialdia. Dirulaguntzaren helburua eremu akademikotik kanpo euskararen erabilera sustatzea eta ikasle euskaldunak motibatzea da, euskarazko kultur ekoizpenean inplikazioa bultzatuta.

Guztira, 30.000 euro bideratuko dira irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta guraso elkarteek Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan antolatutako jarduerak finantzatzeko. Eskabidea maiatzaren 17ra arte aurkeztu ahal izango da, www.navarra.es atarian izapide-fitxaren bidez edo aurrez aurre, Nafarroako Gobernuaren erregistroetan.

Deialdi honen bidez, diruz lagunduko dira eskola-ordutegitik kanpo, eskola-esparruaren barruan zein kanpoan, egiten diren diziplina artistikoetako (antzerkia, kantua, bertsolaritza, poesia) ikuskizun edo lehiaketa kulturalak eta eskolaz kanpoko jarduerak, bai eta herritar guztientzat zabalik dauden eta euskara hutsean egiten diren jarduerak ere. Kanpoan geratzen dira ikasturte amaierako eskola-jaiak, euskara hutsean egiten ez diren jarduerak edo eskolako oporraldietan egiten diren jarduerak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!