Bernardo Atxagak idatziko lukeen moduan, Osasunak bi gol jaso zituen oso denbora gutxian. Lehen zatiko azken txanpako hiru minutu fatidikotan bi gol jaso zituen: 39.ean, Aridanek bere atean gola sartu zuen; 42.ean, Isi Palazonek Rayoren bigarrena erdietsi zuen, gorritxoek gaizki defendaturiko beste jokaldi batean.
Kopako finala gogoan, Arrasatek koktel berezia osatu zuen hasierako hamaikakoan. Minutu asko jokatu dituzten jokalariak aukera gutxiago gozatu dituztenekin uztartuz: erdiko atzelari bezala, Unai Garcia eta Aridane; euskarrian, Moncayola; zelai erdian Ibañez, Aimar eta Barja gazteak; ezker hegalean, Abde izarra; puntaren puntan, Kike Garcia.
Anabasak ez zuen ongi funtzionatu. Nolanahi ere, bigarren zatian, Moi Gomezen zelairatzeak beste bizitasun bat eman zion Jagoba Arrasateren taldeari. Moik berak gol ederra sartu zuen 65. minutuan.
Berpizkundea hel zitekeela zirudien, edo sikiera berdinketa, baina Rayok ederki kudeatu zituen norgehiagokako azken minutuak, jokoa trabatuz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!