M28 udal eta foru hauteskundeak

Zurekin Nafarroa koalizioa erregistratu dute epaitegian

Iosu Ganuza Garcia 2023ko api. 13a, 14:21

Gaur aurkezpenean Contigo Zurekin plataformako kideak, erdian Begoña Alfaro zerrendaburua.

Begoña Alfaro zerrendaburuak ziurtatu du Contigo Zurekin ez dela aurkeztuko dagoeneko formula aurrerakoiak martxan dituzten herrietan.

Zurekin Nafarroa (Podemos, IU, Batzarre, Alianza Verde, Verdes Equo eta independienteek osatzen duten taldea) hauteskunde-koalizio gisa erregistratu da ostegun honetan Iruñeko epaitegietan, hurrengo Nafarroako Gobernua "aurrerakoia" izatea bermatzeko eta "balantza ezkerrera makurtzeko" helburuarekin.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Begoña Alfaro koalizioaren Nafarroako presidentegaiak nabarmendu du "ilusioz gainezka" daudela proiektuarekin "denbora asko daramagu lanean, ia urtebete hartu genuen akordioa jendaurrean aurkeztu genuenetik", gogorarazi du eta "hau hasiera besterik ez da" nabarmendu du.

Alfarok azaldu duenez, "udal hautagaitzak aurkeztuko ditugu Nafarroako biztanleriaren %60 baino gehiago hartzen duten udalerrietan", eta zehaztu duenez, "ez dugu egingo arrakastaz funtzionatzen duten hautagaitza aurrerakoiak dauden udal esparruetan".

Gaur goizean El Periodico De España agerkariak argitaratutako informazioari dagokionean “gezurra” dela ziurtatu du Alfarok. Agerkari horrek goizean baieztatu du Podemoseko estatuko zuzendaritzak ez dituela gonbidatu Yolanda Diazen Sumar proiektuaren aurkezpenean izan ziren Podemosen eskualdeetako kideak, haien artean Nafarroakoak, asteburu honetan eginen den alderdiaren Udaberriko Festan.

Alderdi moreko Nafarroako kideak beraz joanen dira Zaragozan ospatzekoa den ekitaldi politikora, talde handi xamarrean gainera, Alfarok ziurtatu duenez.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!