M28 udal eta foru hauteskundeak

Esparzak ziurtatu du Garcia Barberena eta Alonsoren ihesak ez diola kezkarik eragiten

Iosu Ganuza Garcia 2023ko api. 12a, 14:09

Iruñeko Udaleko zinegotziek iragarri dute PPren zerrendetan joanen direla hirguarren eta bosgarren gisa hiriburuko hauteskundeetarako zerrendan.

Estatu mailan hausturarik handiena ezker estatalistan gertatzen ari den bitartean, Nafarroan etengabeko lurrikara bizitzen ari dena eskuina izan da. Aurreko hauteskundean elkarrekin joan ziren eskuineko hiru alderdiak, Navarra Sumaren siglapean baina lan erreformaren bozketak iaz arrakala handiak eragin zituen eta aspalditik jakina da UPN, PP eta Ciudadanos bakarka aurkeztuko direla.

Izen dantza handia izan da baina gaurkoan eskuin erregionalistako bi pertsonaia esanguratsuk adierazi dute badoazela. Maria Garcia Barberena Iruñeko Kultura eta Berdintasun zinegotzia egun, eta Fermin Alonso udalean ere  Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotzi denak, biek iragarri dute PPren hirugarren eta bosgarren izango direla Iruñeko Udaleko hauteskundeetako zerrendetan.

Carlos García Adanero buru duen PPNren proiektua "ilusioz beteriko espazio ireki eta integratzailetzat" jo dute, "lidergo garbi eta indartsuarekin, Iruñeak zentro eskuineko Alkatetza izan dezan, hiriaren etorkizuna, askatasuna, konstituzionalismoa eta foru erregimena defendatzeko, nazionalismoaren menpeko PSNren aurrean".

"Gaur egun gehien eta ondoen identifikatuta sentitzen garen proiektu politikoa da, maila nazionalean ere gure lurra eta Forua defendatzeko duen gaitasunagatik", azpimarratu dute PPNk igorritako ohar batean.

Biek azaldu dutenez, erabaki horrekin UPNko kide izateari utzi diote, eta horregatik "militanteenganako errespetu eta maitasun sakona" erakutsi nahi izan dute, baina Presidentetzarekin ez datoz bat azken erabakiekin, "bereziki Navarra Suma koalizioaren aldebakarreko hausturarekin, legealdi honetan Iruñea arrakastaz gobernatzea ahalbidetu digulako".

Bada UPNren presidente Javier Esparzak bere alderdiaren programaren lan ildo nagusiak aurkezteko prentsaurrekoan erantzun behar izan dio Barberena eta Alonsoren ihesari. Kazetarien galderei erantzuterakoan izan da, lehenik eta behin azpimarratu nahi izan du herritarrek hautatuko dutena UPNko Cristina Ibarrola edo EH Bilduko Joseba Asironen alkatetzak izango direla.

Horretan ari omen dira lanean, eta ukatu du ihes hau sorpresa izan denik. Barre urdurien artean iradoki du aurreikusi zezaketela Garcia Barberena eta Alonsoren bira Alderdi Popularrera, adieraziz “Nafarroan guztiok elkar ezagutzen dugu”.

Esparzaren ustez honek ez ditu bere alderdiaren planak aldatzen beraz, eta argi du UPN izango dela lehen indarra Nafarroan eta Iruñean eta horietarako proiektuak garatzen ari direla lanea.

UPN bere zerrendak ixten ari dela ere ziurtatu du Esparzak, eta horien berri alderdiko kontseilu politikoari eman ondoren publiko eginen dituztela

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!