Bizi Kopako partida Euskalerria Irratiarekin

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko api. 4a, 13:54

Jagoba Arrasate, Bilboko hotelera iristen (Argazkia: Osasuna).
  • Bilbora iritsi dira jada Jagoba Arrasate eta haren jokalariak.
  • Irratiko kontakizuna 20:45ean hasiko dugu, FMko 98.3 zein euskalerriairratia.eus bitartez.
  • Arratsalde osoan segimendu berezia eginen dugu sare sozialetan, Twitter zein Instagram bidez.
  • Hamazazpi urteren buruan, Kopako finalera sailkatu nahi du Gazteluko Plazako taldeak. 

Kopako finalerdietako itzulerako euskal derbia jokatuko dute gaur, 21:00etan, San Mames Barrian, Athleticeko eta Osasunako gizonezko taldeek. Mugarria da Gazteluko plazako taldearentzat, bere 102 urteko historian beste behin besterik ez baitu lortu Kopako finalerdietarako sailkatzea, duela 17 urte hain zuzen ere. Orduan, beste talde zuri-gorri bat garaitu zuen, Atletico de Madriden hain zuzen ere, finalera sailkatzeko. Gaur balentria bera gauzatu nahi dute. Jagoba Arrasate entrenatzailearen hitzetan, bere jokalariek "saiatzeko betebeharra eta lortzeko ilusioa" dute.

Berriatuko entrenatzaileak 23 gizon eraman ditu Bilbora. Talde nafarraren autobusa 13:30 aldera iritsi da futbol zelaiaren ondoko haren hotelera, giro nahikoa lasaian. Josu GAnuzak Euskalerria Irratian zuzenean kontatu duenez, han baziren hainbat kazetari, baina oso zale gutxi: hiru. Ez lau ez bi. Deialdi ofizialean 22 gizon besterik ezin da sartu. Gauzak horrela, ikusteko dago zein geratuko den kanpoan, soleoko lesioaren ondorioz orain arte taldearekin entrenatzerik eduki ez duen Chimy Avila ala zuntz hausturaren ondotik oraindik entrenamendu lasai samarrak egiten ari den Ruben Peña.

Mallorcaren aurka zein jokalarik hartu zuten atseden aintzat hartuz, litekeena dirudi hasierako hamaikakoa honako hau izateak: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Moncayola, Lucas Torro, Moi Gomez, Ez Abde; Aimar Gomez eta Kike Garcia.

Joaneko partidan bat eta huts irabazi zuen Osasunak, Ez Abderen gol ikusgarri bati esker. San MAmes Barrian gorritxoek bantaila hori nola kudeatzen duten ikusi beharko da. 50.000 zalek mukuru beteko dituzte harmailak, sarrerak agortu baitira. Horietatik guztietatik 575 osasunazaleak izanen dira. Kanpoan gehiago geratuko dira, hainbat zalek sarrerarik gabe BIlbora joatea erabaki baitute, jokalariei iritsieran sostengua emateko. 6.546 eskaera jaso zituen Errege Kopako finalerdietako itzulerarako sarreren salmentako zozketan parte hartzeko.

Norgehiagoka ETB1en ikus daiteke eta Euskalerria Irratian bizi. Izan ere, irratiko kontakizuna 20:45ean hasiko dugu, FMko 98.3 zein euskalerriairratia.eus bitartez. Eta arratsalde osoan segimendu berezia eginen dugu sare sozialetan, Twitter zein Instagram bidez. Josu Ganuza, Eñaut Agirrebengoa eta Bidane Beloki ariko dira kontakizunean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!