54 urteko langile bat hil da Andosillan, pabiloi bateko teilatutik erori ondoren

Euskalerria Irratia 2023ko api. 3a, 19:51

  • CCOOk Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea bete dadin "ahaleginak areagotzea" eskatu du.

  • LABek beharrezko bitartekoak ez jartzea “onartezina” dela salatu du.

Andosillako industria pabiloi bateko teilatuan lanean zegoen 54 urteko gizon bat hil egin da gaur goizeko 10:00ak inguru, erori ostean. Larrialdi zerbitzuetako medikuak eta suhiltzaileak eta Polizia bertaratu dira istripura baina medikuek ezin izan dute ezer egin langilearen bizitza salbatzeko. Istripuaren arrazoiak oraindik argitu gabe daude eta Foruzaingoak ikerketa abiatu du kasua argitzeko.
 
Nafarroako CCOO sindikatuak deitoratu du istripua eta "Lan Arriskuen Prebentziorako Legea osorik betetzeko ahaleginak areagotzea" eskatu du. Sindikatuak zehaztu duenez, Errioxan finkatutako enpresa bateko kidea denez, gertaera ez dela lan-istripu hilgarri gisa zenbatuko Nafarroako zifretan. Hala ere, "gaurko heriotza, eraikuntzaren gremioan, egun beltz berri bat da Nafarroan eta Estatu osoan ezbehar-kopuru kezkagarriak dituen sektore batean", nabarmendu du CCOOk.

Era berean, LAB sindikatuak “hain ohikoa den lan-istripu baten aurrean” berriro gerta ez dadin beharrezko bitartekoak ez jartzea “onartezina” dela salatu du. "Lan Ikuskaritzak, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak eta Gobernuek ez dutela horrelako jarduerarik kontrolatzen" “agerikoa” dela adierazi du LABek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!