Osasunak huts eta huts berdindu zuen Mallorcaren aurka, ostiralean Son Moixen jokaturiko norgehiagokan. Berdinketa horren ondotik, gorritxoek bederatzigarren postuan segitzen dute, 35 punturekin. Jaitsieratik zortzi puntura, Europan jokatzeko aukera eman dezakeen zazpigarren postutik bira.
Gazteluko plazako taldeak lau partida daramatza jada golik sartu gabe. Son Moixen, beste behin ere ez zen baloia sareetara bidaltzeko gauza izan, aurkariak azken 25 minutuak 10 gizonekin jokatuta ere.
Esan gabe doa norgehiagokan defentsak gehiago izan zirela aurrelariak baino. Eraispena eraikuntzari gailendu zitzaiola. Ikusle neutralarentzat ikuskizuna bainoago amesgaiztoa izan zela.
Lehen zati katramilatuan, Kike Barjak barneraldi interesgarriren bat egin zuen, baina errematerik arriskutsuenak Mallorcak egin zituen, Maffeoren eta Muriqiren bitartez. Biok langa gainetik kanpora bidali zuten baloia.
Bigarren zatiko 24. minutuan, arbitroak Copeteri txartel gorria erakutsi zion, kontraeraso batean Ruben Garcia eusteagatik. Ordutik eta amaierara arte, Osasunak baloiaren jabetza kamutsa izan zuen. Nabarmentzeko ia bakarra, atezainak ongi gelditu zuen Ez Abderen jaurtiketa bat.
Halako partida kaxkarrean puntu bat urratzea ez da gutxi. Norgehiagoka ez zela ona izan aitortu zuen Jagoba Arrasatek berak.
Ea Kopan bestelako jokoa egitea lortzen duen talde nafarrak. Bihar gaueko bederatzietan finalerdiko itzulerako euskal derbia baitu, Athleticen aurka, San Mamesen, Euskalerria Irratiak zuzenean eskainita. Oso litekeena da Chimy Avilak ezin parte hartzea, soleoan daukan lesioa dela kausa. Osasunaren idazkari tekniko Jose Antonio Prieto Cataren arabera, ez jokatzeko aukerak %99koak dira.