EH Bilduk Maria Txibiteren gobernua sustengatu du legealdi osoan. Halere, azken asteotan, lehendakari sozialista behin eta berriz esaten ari da hurrengo legealdian indar soberanista ez duela gobernuan sartuko, eta ez diola alkatetzarik emanen.
Iragarpenon aitzinean eszeptiko azaldu da EH Bilduko foru hauteskundeetarako zerrendaburu Laura Azlan, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan: “Maiatzaren 28an, Nafarroako jendarteak merezi dugun tokian kokatuko gaitu. Hortik aurrera, hitz egin beharko dugu. Guztio dakigu, guztiek dakite eskuinaren politikei aurre egiteko EH Bildu beharrezkoa eta determinantea izanen dela. Eta hauteskundeen ondotik are determinanteagoa izango dela uste dut”.
Aznalen arabera, Txibite iragartzen ari dena betetzen bada, “PSN beste Esporrin bat egiten ariko da”, eta “guztiok ikusi dugu horrek zein nolako ondorioak eduki dituen Iruñean azken lau urteotan, eskuinaren politikek zer ekarri dioten Iruñeari”. “Bai Iruñean, bai herri askotan, bai Nafarroan, guk beti ahalbidetu dugu eskuinari aurre egin ahal izatea. Beste batzuek ezin dute gauza bera esan”, gaineratu du indar soberanistako zerrendaburuak.
Hamargarren legealdiko azken osoko bilkuraren biharamunean izan da Azlan Irrintzi Dorrean. Lau urteon balorazioa egiteko tenorean “argi-itzalak” ikusten ditu: “Gobernuak anbizio falta izan du. Motz geratu da hainbat gaitan. Aldi berean, aurrekontu guztietan hobekuntzak egitea lortu dugu, lorpen garrantzitsuak izan dira”. Itzaletan azpimarra egin du: “Autogobernuan, osasungintzan, hizkuntza politikan oso motz geratu dira”.
Atzokoa azken osoko bilkura izan zen EH Bilduko parlamentari moduan Eusko Alkartasunako Maiorga Ramirezentzat. EAko buru Eba Blancok bizkarra eman dio alderdiaren Nafarroako batzarrari, eta ildo kritikoko kideak indar soberanistako zerrendatik at geratu dira. Kritikook Aznali eskaera zuzena egin diote, alderdiko militantzia nafarraren erabakia onar dezan. “Eusko Alkartasunaren barnean badago gatazka bat. Afera gainera judizialitatuta dago. “EH Bilduk ezin ditu konpondu alderdi baten arazoa. Halere, osatu dugun zerrenda oso interesgarria da eta oso indartsua da, eta EH Bilduko bozkatzaileen %90ek baino gehiagok onartu dute. Beraz, orain lan egitera”, esan du Aznalek.