Apirilaren 9an Iruñean ospatuko du berriro ere EH Bilduk Aberri eguna. Aldarrikapena eta jaia uztartuko ditu koalizio subiranistak Euskal Errepublika aldarrikatu eta herri gisa kontzientzia bizirik mantentzeko.
Egitarau zabal eta anitza prestatu du horretarako EH Bilduk, igandeak zortzi euskal aberriaren eguna ospatzeko, Maite Dugun Herria lelopean. Koalizioko kide eta bestelako herritarrek lagunduta eman du horren berri asteazken eguerdian Bakartxo Ruizek.
Apirilaren bederatzian, eguerdian, "subiranotasuna eta demokrazia" aldarrikatuko dituzte golem zinemetatik aterako den manifestazioan. Ordubatean kalejira bihurtuko da manifestazio hori eta Basotxoan batuko zaizkio Broken Brothers Brass Band, gaitariak, trikitixak eta bestelako doinuak.
Horren amaieran izanen da ekitaldia eta arratsaldean Burgoen plazan txikientzako jolasak antolatu dituzte; ordu erdi beranduago hasiko dira kontzertuak Gazteluaren plazan: La Furia, Arkada Social eta The Trikiteens taldeekin. Helburua izango da Iruñean kokatzea Aberri Egunaren epizentroa.
"Testuinguru politiko eta soziala" xamurrak ez direla azpimarratu du gaurkoan oraindik ere EH Bilduren bozeramaile den Ruizek, eta "indar atzerakoien aurrean ezkerreko abertzaletasunaren indarra" aldarrikatu.
Egun bat geroago, apirilaren 10ean izango da Irlandako Ostiral Santuko bake itunaren hogeita bosgarren urteurrena. Hori dela eta Sinn Fein alderdiko bozeramaile Declan Kearney izango da Iruñean.
Beste urte batez beraz ez dira faltako jaia eta aldarria, aberri egunean, Euskal Herriaren bihotzean, Iruñean.