Volkwagen Nafarroako ekoizpena erdira jaitsiko da 2025ean. ELAko ordezkari Igor Peñalveren arabera, Lan Batzordeko kideek arduraz hartu dute zuzendaritzak atzo egindako iragarpena: “Ez genuen espero hain produkzio gutxi izatea, batez ere 2025ean, nahiz eta bagenekien halako jaitsiera bat etorriko zela”. Polo modeloa fabrikatzeari utziko ziotela lehendik ere bazekiten. “Ez genekiena zen horrek halako produzkio jaitsiera bat eraginen zigula”. Hori guztiori horrela, langileen artean “urduritasuna zabaldu da, bereziki plantillako soberakina bezalako esamoldeak irakurtzen dituztelarik, zuzendaritzak horrelakorik aipatu ez badu ere”.
Azken urteotan, 300.000 ibilgailu egin izan dituzte urtean Landabenen. 2025ean, 150.000 izanen dira. Horrek lan zamarik gabe utz ditzake langileen erdiak, 2.000 lagun inguru. “Hartu beharreko neurriak zuzendaritzarekin adostu beharko ditugu. RED izeneko Aldi Baterako Espedienteen bidea hor dago, baina badira beste neurri batzuk. Lan jardunaldia murriztea bilatu beharko dugu”, azaldu du ELAren ordezkariak.
Peñalverren aburuz, urte eta erdi zaila izanen da, baina horren ondotik panorama ez txarra: “Atzoko iragarpenik onena da 2027tik aurrera langile gehiago izanen garela, egun gaudenak baino. Horrek indarra ematen digu tarte zail hau gainditzeko”. Izan ere, Volkswagenen aurreikuspenen arabera, 2027an 300.000 ibilgailu ekoitziko ditu Landabenek,gehienak elektrikoak. Eta auto elektriko bat ekoizteko egungo bat egiteko baina 45 minutu gehiago beharko dituztenez, langile gehiago beharko dira egun baino.